Albisteak
Zumaburuko eskola publikoa zaharberritzeko obrak
2016-05-17 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Zumaburu eskola publikoko estalkia eta fatxada zaharberritzeko obrak 381.456,87 euroan adjudikatu zaizkio Eslaban Obras y Servicios SL enpresari, eta aurki hasiko dituzte lanak. Udalak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza bat lortu du, 219.652,60 eurokoa, obra horietarako.
Zuinketaren akta sinatzeko ostegun honetan egingo den bileran zehaztuko da obren egutegia, eskola-umeei eragingo dieten afektazioak ahalik gutxien izan daitezen.
Obren zuzendaritza Markitec arkitektura-estudioak eramango du, proiektua idatzi duenak, eta honetan datza:
- fatxada SATE sistemaren bidez isolamenduarekin zaharberritzea kanpoaldetik;
- oraingo estalkia eraistea eta haren ordez teila zeramikozkoa jartzea;
- beheko patioko gune estaligabeak metalezko estruktura baten bidez estaltzea.
Enpresa adjudikatarioak, gainera, lizitazioaren hobekuntza batzuk eskaini zituen, hasiera batean aurreikusi gabeko obra batzuekin, eta horrek 28.387 euro aurreztea dakarkio Udalari. Hauek dira proposatutako hobekuntzak:
- estalkian segurtasun-kableak instalatzea;
- barruko patioko hormigoizko hormak egokitzea;
- galtzadarrizko zorua garbitzea;
- barruko patioko zutabeak egokitzea eta kolpeetatik babestekoak ipintzea;
- paperontzi berriak hornitzea;
- kanpoko patioko zutabeetan kolpeetatik babestekoak ipintzea;
- ikasgeletako sabai eta paretetan hezetasunak konpontzea.
Udalak iazko urte-bukaeran laguntza-eskaera bat tramitatu zion Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari, eta haren ebazpena baiezkoa izan da. Hala, Udalari 219.652,60 euro emango dizkio, kostuaren % 58a.