Albisteak

Urriaren 5ean, arratsaldeko 19:00etan, Lasarte-Oriako kultura etxean “Memoria partekatu baterantz” informea aurkeztuko da

2017-09-28 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

2013.ean Lasarte-Oriako udalak bizikidetzarako mahaia sortu zuen. Helburua, bakearen eta bizikidetzearen inguruan, udal ordezkaritzako alderdi politikoen arteko hausnarketa eta gehiengo baten adostasuna lortzea izan da.

Testuinguru honetan kokatuta, eta memoria partekatua bultzatzeko helburuarekin, duela urte bat mahaiak Argituz giza-eskubideen aldeko elkarteari eskatu zion herrian gertatutakoaren gorabeherak jasoko zituen lan bat egiteko. Lan horri esker, “memoria partekatu baterantz” sortu zen. Dokumentu horretan, 1956-2016 artean Lasarte-Orian izandako giza-eskubideen urraketak eta ekintza bortitzak jasotzen dira.

Lan horretan, dokumentuan jasota dagoen bezala, “Egia guztiak azaltzen dira, gertaera guztiak, jaso ahal izan ditugun ikuspegi guztiak, oinarri sendo bihur daitezen memoria partekatu batetara heltzeko, eta zergatik gertatu zen, nola gertatu zen ulertzen lagun dezaten, eta batez ere, bizikidetzan, elkarrekiko konfiantza berreskuratzen lagun dezan. Giza-eskubideen urraketez eta ekintza bortitzez gain, dokumentuak jasotzen ditu ere, indarkeria jasan dutenen iritzi eta testigantzak, eta horrek, udaleko ordezkarien zein gizarte-ekimenarekin eta bizikidetzarekin lotutako pertsonengan, izan duen eragina.

Elkarrizketatuak hurrengo hauek izan dira: Tomás Arrizabalaga Zubizarreta, Ángel Barrera de Cabo, Pablo Barrio Ramírez, Mayi Bengoetxea Agirresarobe, Paki Camino Aizpurua, Iñaki Chorraut Echavarri, Josu Elespe Pelaz, Nekane Esnal Kastresana, Asun Etxart Oyarzabal, Kike Intxausti Sarriegi, Maria Luisa Irizar Telleria, Jesús Marcos Olaya, José Luis Navarro Armendáriz, Rosa Ormazabal Camarero-Núñez, Neskur Pagola Loiola, José Antonio Peña Martín, Félix Peña Pérez Carrasco, Alejandro Sáenz Muriel, Pello Sasiain Iturri, Ana Urchueguía Asensio, Begoña Urroz Ibarrola, Jesús Zaballos Llanos e Isabel Zuaznabar Irulegui. (eranskinean haien perfila).

Informea egitearen prozedura bukatu ondoren, inprimatzea eta banatzea erabaki zuen bizikidetzarako udal mahaiak.  

Mahaiak oso interesgarritzat jotzen du dokumentu hau, memoriaren eremuan, etorkizuneko udal politikarako lan tresna gisa.

Dokumentu hau aurkezteak ez du esan nahi talde politikoek bere eduki guztia asumitu behar dutenik, baina bai, memoria eta adiskidetzea eraikitzeko bide luze baten hasiera dela.

Informeak berak jasotzen duen bezala “lan hau, iragana ezagutzeko ekarpen baliagarria bezala hartu behar da, gaurko eta etorkizuneko oinarriak jartzen lagunduko diguna. Horregatik da prozesu ireki baten atal bat, ez da bukatutako lana. Ezagutzeko elementuak falta dira oraindik, hartaz hitz egitea falta zaigu, eta etorkizunerako bizikidetzarako oinarriak finkatzea.

Honako honen bidez, “memoria partekatu baterantz” dokumentua aurkezteko osatuko den mahai inguruan parte hartzera  gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Hizlariak hurrengo hauek izango dira: Jon Mirena Landa, Zigor Zuzenbideko katedraduna eta EHUko Giza-eskubideak eta Botere Publikoen katedrako zuzendaria. Baita dokumentuaren egileak eta Argituz taldekideak ere. Sabino Ormazabal eta Bertha Gaztelumendi.

Ekitaldia Lasarte-Oriako kultur etxean izango da urriaren 5ean, arratsaldeko 19:00etan.

ERANSKINA

1. “Memoria partekatu baterantz” dokumentuan jasotzen diren testigantzak egin dituzten pertsonen profila. “1956-2016 artean Lasarte-Orian izandako giza-eskubideen urraketak eta ekintza bortitzen inguruko informea” (alfabetikoki):

-ARRIZABALAGA ZUBIZARRETA, Tomás. Lasarte-Oriako Herri Batasuneko zinegotzi ohia.

- BARRERA DE CABO, Ángel. Lasarte-Oriako Talde Sozialistaren bigarren idazkari orokorra,  1986.eko behin-behineko Udal batzarkidea. Gaur egun  Centro de Extremadura-ko presidentea..

-BARRIO RAMÍREZ Pablo. Lasarte-Oriako Bilduko ALKATE ohia 2011-2015, eta gaur egun EHko zinegotzia.

-BENGOETXEA AGIRRESAROBE, Mayi. Gaur egungo Podemos taldeko militantea. Herriko hainbat erakunde eta talde politikotan hartu du parte.

-CAMINO AIZPURUA, Paki. Langile autonomoa.

-CHOURRAUT ECHAVARRI, Iñaki. Liburu-saltzaile ohia. (Ekain liburu-denda).

-ELESPE PELAZ, Josu. Biktima, eta 2001 ETAk erail zuen PSE-EEko zinegotziaren semea.

-ESNAL KASTRESANA, Nekane. Amnistiaren aldeko Gestorako partaide ohia.

-ETXART OYARZABAL, Asun. Marcelo Garciandía Ayerdiren alarguna, Guardia Zibilak tiroka eraila 1982ko urrian.

-INTXAUSTI SARRIEGI, Kike. Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldeko kidea gaur egun. Elkarriko kide ohia.

-IRIZAR TELLERÍA, María Luisa. Danok Kide taldekoa eta Endika Amilibia Donnayren alarguna, USOko kide ohia, eta Michelin enpresako epaimahaiko kide ohia, baita “LasarteOria” aldizkariko batzordekidea ere.

-MARCOS OLAYA, Jesús. Lasarte-Oriako Bakearen aldeko elkarteko kide ohia eta Bizikidetza Taldeko kidea gaur egun.

-NAVARRO ARMENDÁRIZ, José Luis. Lasarte-Oriako Danok Kide elkarteko idazkaria eta “LasarteOria” aldizkariko kidea.

-ORMAZABAL CAMARERO-NUÑEZ, Rosa. Ingeleseko irakaslea eta Ipar Martxa / Nordik Walking taldeko sustatzailea.

-PAGOLA LOIOLA, Neskur. Dantzaria. Iñaki Balerdiren bikotea, zein Anaia bisitatzeko kartzelako bidean, bere amarekin batera zihoala istripuz hil zena.

-PEÑA MARTIN, José Antonio. Langile autonomoa, Michelingo 1976ko greban lanetik kanporatutako langilea.

-PÉREZ CARRASCO, Félix. CCOO eta PCE-EPK, taldeetako kidea, Michelingo 1976ko 100 eguneko greban nabarmendu zen sindikalista.

-SÁENZ MURIEL, Alejandro. Lasarte-Oriako udaleko PPko zinegotzia, eta ETAk eraildako  Alejandro Sáenz Sánchezen biloba.

-SASIAIN ITURRI, Pello. PNV eta EAko kide ohia, Elkarbizi elkarteko kidea eta Bizikidetzan ere parte hartzen duena. 1986.eko behin-behineko Udal batzarkidea izan zen eta 8 urtez zinegotzi. partiduaren politiketatik kanpo gelditzen da.

-URCHUEGÍA ASENSIO, Ana. Lasarte-Oriako lehenengo erregidore eta alkatea izan zen 25 urtez, eta Hernaniko zinegotzia 5 urtez.

-URROZ IBARROLA, Begoña. Administraria. 1960.eko DRILeko atentatuan hil zen Begoña Urrozen ahizpa.

-ZABALLOS DE LLANOS, Jesús. Lasarte-Oriako udaleko Alkate-presidentea bi legealditan. Gaur egun ere kargu horretan dago. Euskadiko Sozialisten taldeko parlamentario ohia. (2013-2016).

-ZUAZNABAR IRULEGUI, Isabel. Misiolari seglar ohia. Urroz-Ibarrola familiaren auzokidea eta laguna.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna