Albisteak
Urriaren 4an aurkeztu zituen Udalak Lasarte-Oriako autobusen zerbitzua berrantolatzeko Aldundiaren proposamenari egindako alegazioak
2017-10-18 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Alkateak, urriaren 4an, alegazio-idatzi bat bidali zuen Aldundira autobus-lineetan proposatutako aldaketen aurka, bereziki Ospitaletako zerbitzuari eragiten diotenak. Gaur egungo zerbitzuari eustea eskatzen da.
Zaballosek nabarmendu du alegazioak direla lasarteoriatarrak kaltetzen dituzten aldaketak eragiten dituzten zerbitzuei buruz: ospitaleetako zonarekiko lotura, Donostiarekiko lotura eta Tolosarako eta Billabonarako linea. Hiru kasu horietan, proposatutako berrantolaketak maila desberdinean kaltetzen ditu gure herriko komunikazioak. Hori dela eta, aldaketa horiek berriro kontsideratuko direlakoan gaude.
Foru Aldundiko arduradunekin elkarrizketak izan ondoren aurkeztu ziren alegazioak, eta kezka helarazi zitzaien proposatutako aldaketengatik. Udalak aurkez ditzakeen alegazioak arretaz aztertzeko konpromisoa hartu dute.
Azterturik Lasarte-Orian zehar autobus-lineek izango luketen egoera, honako alegazioak egin ditu Udalak:
Donostiarekiko lotura:
Astelehenetik ostegunera, lanegunak. Joan-etorrien kopurua gaur egungoaren gainetik badago ere, ohartu gara goizeko ordu puntan, 7:00etatik 9:00etara, aurreikusitako joan-etorri kopurua (13) egungoaren azpitik dagoela (19). Murrizketa honek kezkatu egiten gaitu kontuan izanik ikastetxeetara, unibertsitateetara eta lantokietara sartzeko ordua dela.
Ostiraletako gaueko zerbitzuak oraingoen antzekoak dira (orduro), baina larunbatetan Donostiatik itzultzeko, zerbitzua murriztu egiten da orduro bat izatera, gaur egun 30 minuturo delarik.
Horiek horrela, aldaketek Lasarte-Oriako herritarrak kaltetzen dituztela ondorioztatzen da.
Ospitaleekiko lotura:
Lasarte-Oria herriaren eta ospitaleetako zonaren arteko loturan, maiztasunean murrizketa dagoela ikusten da. Oraingo ospitaleetarako 16 joan-etorrietatik, astelehenetik larunbatera bitartean, joaneko 8ra eta etorriko 8ra pasako da, astelehenetik ostiralera, eta ez da aurreikusten larunbatean zerbitzurik. Proposamenaren dokumentuak zera dio espresuki: “Lasarte-Oriak hobetu egiten du ospitaleetako zonarekiko lotura, zuzeneko lotura eta zerbitzu gehiago baitu”. Maiztasuna ia erdira murrizten da, “orduro”tik “bi orduro”ra igarotzen delarik, beraz, akatsa izango delakoan gaude.
Billabona-Tolosarekiko lotura:
Gaur egun, bi autobus daude orduro Billabona eta Tolosara. Aurreproiektuak orduro bat izatera murrizten du. Praktikan, joan-etorriak erdira murrizten dira, gaur egungoen aldean.
Kontuan izan behar da lotura honetan ez dagoela zerbitzu alternatiborik, trena esaterako. Lasarte-Oriako herritarrak kaltetzen ditu horrek.
Horiek horrela, bistakoa da errepidean modu orokorrean ematen den hiri arteko garraio publiko erregularraren zerbitzu publikoaren kontzesioaren proposamenak, Tolosa – N-1 – Buruntzaldea eta Donostiarekiko loturak kontzesioari dagokionak, Lasarte-Oria herrian bizi diren pertsonen kolektiboa kaltetu egiten duela. Hori dela eta, Udal honetatik eskatzen da proposamena berriro kontsideratzeko, gutxienez errespeta daitezela herriak orain dituen loturak eta maiztasunak.