Albisteak

Udaltop: Ideia xume batetik hasi zena, proiektu bihurtu genuen eta proiektu zenak 10 urteko bidea egin du, gaur arte

2018-05-18 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Markel Olanok, Bingen Zupiriak, Elena Lakak, Jesus Zaballosek eta Jon Antxordokik ireki dituzte topaketak. Abian dira Udaltop jardunaldiak, Udaletako Euskara Zerbitzuen arteko topaketak, Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxean. Aurtengoan beren hamargarren edizioa ospatuko dute, “Euskaraldia puntuz puntu. Aurtengo puntuari erantzunak eta datorrenari galderak” izenburupean.

Aurtengoek, gainera, badute zerbait berezia, jardunaldiek beren hamargarren urteurrena ospatuko baitute. Bi egunez, marka guztiak hautsiz, 270 pertsona pasako dira Lasarte-Oriatik; Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako, Lapurdiko eta Nafarroa Beherako euskara teknikariak, arduradun politikoak, irakasleak, hizlariak eta beste hainbat esparruetako langileak.

Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Markel Olanok, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, Elena Lakak, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Jesus Zaballosek, Lasarte-Oriako alkateak eta Jon Antxordokik, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko lehendakariak abiatu dute edizio berri hau, Pilar Kaltzadaren, Linking Ideas Estrategia eta Komunikazio enpresaren zuzendariaren gidaritzapean.

Hasiera ekitaldia

Zaballosek ireki du Udaltop 2018. “Pozik eta harro nago gaur hemen hainbeste pertsona ikusteaz. Pozik, uste dudalako denon artean abiatu dugun ekimen hau ona dela. Ona dela euskararentzat, ona dela beti euskaraz egiteko ohitura duten milaka euskaldunentzat. Ona da, baita ere, nahiz eta euskaraz egiteko ohiturarik ez izan, euskaraz zer edo zer dakitelarik, euskaraz gehiago egin dadin parte izan nahi duten milaka euskal herritarrentzat. Eta ona dela iruditzen zait, oraindik euskara jakin ez, baina noizbait ulertzera iritsiko diren beste milaka euskal herritar horientzat ere”, adierazi du.

Antxordokik, Zaballosek irekitako bideari jarraipena emanaz, Udaltop Lasarte-Orian antolatzea baloratu du: “Oso harro gaude Udaltop gure herrian antolatzen dugulako. Ideia xume batetik hasi zena, proiektu bihurtu genuen eta proiektu zenak 10 urteko bidea egin du, gaur arte. Ez da erraza izaten, baina guk sinesten dugu elkarlanean. Sinesteaz gain, gainera, uste dut beste erremediorik ere ez dugula. Lantegi zaila dugu oso eta elkarrekin arituta ere nahiko lan izango dugu”, azpimarratu du.

Euskaraldiarekin bete-betean murgilduta dabil lanean Euskaltzaleen Topagunea eta egoeraren erradiografia egin du Elena Lakak, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak. “Lurralde bakoitzaren testuingurua kontuan hartuz euskararen lurralde guztietara zabaltzen ari da Euskaraldia. Oso pozik gaude modu orekatuan eta egoera soziolinguistiko zailagoko herrietan ere egingo delako Euskaraldia. Harrera ona izaten ari da eta ilusioa eta gogoa sortu du euskaltzaleen artean. Orain gizarte osora zabaltzeko erronka dugu. Guztion artean lortuko dugu”, zehaztu du.

Jarraian, Bingen Zupiriak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuak, hartu du hitza. “Orain urtebete, jardunaldi hauetan, gero Euskaraldia gisan bataiatuko genuen proiektua jarri genuen abian. Aktibazioaren inguruan egindako tokiko hainbat ekimen ezagutzeko aukera izan genuen, eta ideia horiek euskararen lurralde osora eramateko apustua egin genuen. Gaur, Euskaraldia martxan dagoen anbizioz beteriko proiektu bat da, eta hainbat ekarpen egingo dizkigulakoan nago. Lehendabizikoa jadanik egin digu. Jatorri eta pentsamendu ezberdinetako hainbat lagun elkarrekin ari gara lanean, buru-belarri, 11 egun horiek prestatzeko. Euskaraldia tresna eraginkorra izango da euskararen erabileran pausoak emateko eta hizkuntza ohiturak aldatzen hasteko. Eta hori da gure hizkuntzak gaur gaurkoz behar duena”, azpimarratu du.

Markel Olanok, Gipuzkoako Diputatu Nagusiak, eman dio amaiera hasiera ekitaldiari. “Gipuzkoako herri askotan hasi zen ernatzen mugimendu hau, Lasarte-Orian hartu zuen indar eta izaera berezia. Gipuzkoako Foru Aldundian, gure ahalmenen neurrian, saiatu ginen ekimen hau hasieratik aldezten, Lasarte-Orian izan zuen iker-lerroari lagunduta. Orain, zorionez, Euskaraldiaren gidaritza Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Topaguneak hartu dute, elkarlan eredu eta giro berri batean. Uste dut albiste ona dela hori, herri erakundeen eta gizarte eragileen arteko jokabide elkartua izango baita aho biziak pizteko eta belarriak prestatzeko giltza”, azaldu du.

Ostegun berezia

Osteguneko bidai luzea Galesen hasiko dugu, Colin H. Williamsek, Cardiff eta Cambridge Unibertsitateko ohorezko irakasleak, eskainiko duen ponentziarekin. Williamsek “Gizarte aktibazioa eta hizkuntza-ohituren aldaketa Galesen” aurkeztuko du.

Jarraian, Euskal Herriko mapara egingo dugu salto, Alaitz Villate eta Koldo Iturberen eskutik “BAT eta BAT HAMAIKA. Beste urrats bat aspaldiko elkarlanean Getxon” esperientzia bertatik bertara ezagutzera.

Edizio honetan Euskaraldia oinarri denez, Eneritz Rekartek, Jenofa Berhokoirigoinek eta Rita Aldabaldetrekuk “Nola antolatzen ari da 2018ko Euskaraldia? Prestakuntzaz, BAM; arnasgune eta bailara izaeraz, Baztan; eta prozesuaz eta sare-lanaz Zarautz” azalduko dute. Horien testigua Amaia Baldak, Imanol Larreak eta Zesar Martinezek hartuko dute, “Bi gehi bi lau ez direnean: herrigintzaren magia. Hamaika gako herritarren aktibazioan” izenburupean ponentzia eskainita.

Eta goiza amaitzeko Josune Zabala “Behin honetara ezkero... neurrialdia ere bai!” eta Pablo Suberbiola “Ulermena aktibatzeko metodologia berriak prestatzen” ponentziak eskainiz izango dira oholtza gainean.

Euskara teknikari, arduradun politiko, irakasle, hizlari eta hainbat esparrutako langileen tripa-zorriak kentzeko asmotan, eguerdi-partean Araeta sagardotegira joango dira. Udaltopek eta bazkariak bide emango die sorpresaz betetako arratsaldeko jardunari, besteen artean, Aitor Unanueren “Armairutik atera ginenekoa: testigantzetatik aurtengo praktiketara?” eta “Euskaraldia puntaz punta” ponentziei. Armairuan gordeta geldituko diren momentuak biziko dira hamargarren honetan.

Ostiralean, Euskaraldia 2019

Biharko jardunaldian, arreta berezia bereganatuko du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarrekin gauzatzen ari diren “Euskaraldia 2019: arau sozialak iraultzeko babes guneak” proposamen berriak. Dena den, goiza, Pello Jauregiren “Hizkuntza-ohiturak plano pertsonaletik kolektibora” hitzaldiak zabalduko du.

Proposamenaren aurkezpenak ekarpen lanerako aukera izango du eta Udaltopeko parte hartzaileek beren ekarpenak egiteko aukera izango dute horretara bideratuko den saioan. Lantegiek bide emango die Ane Barrusoren eta Estepan Plazaolaren “Maleta bete belarritako” eta Ainhoa Mendibilen eta Jon Ander Loidiren “Eta PRESTatzen badugu lan-mundua?” hitzaldiei.

Hamargarren edizioak merezitako agur berezia izango du Muxote Potolo Bat-en muralaren eta txelo baten soinuaz emanaldiarekin agurtuta hurrengo urtera arte. Pello Ramirezen, biolontxelo-jolearen, eta Uxue Alberdiren, bertsolariaren, melodia eta hitzen azpian ezkutatutako zaigu aurtengoa. Datorren urtera begira.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna