Albisteak

Udalbatzarrak aho batez salatu ditu emakumeenganako azken erasoak

2014-04-08 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

Duela bi aste Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen Lasarte-Orian ustezko indarkeria kasuak leporatuta eta asteburu honetan beste gizon bat atxilotua izan da. Kasu honetan, bere bikotekidea bortxatzen saiatzea, lapurreta eta kotxearekin harrapatzea egotzi diote. Guzti hau ikusita, Lasarte-Oriako Udalak honakoa jakinarazi nahi du gertaturikoaren inguruan:

 

1. Udalak babes erabatekoa agertzen die eraso hauek jasan dituzten emakumeei, bere familia eta lagunei. Udalaren babes osoa dute; eta bidelagun izango gaituzte, nahi duten neurrian, aurrerantzean eman beharreko urratsetan.

 

2. Udalak bere salaketa irmoena adierazi nahi du izandako erasoen kasuen inguruan. Ez dira onargarriak, mingarriak eta errepikaezinak dira, izugarriak eta oso larriak gertatu direnak. XXI. mendean, gure kaleetan halakorik gertatzea, ez da salaketa hutsean geratu behar den zerbait.

 

3. Udalak Ertzaintzari ahal den neurrian ikerketak azkartu ditzala eskatzen dio, gertatu dena argitu eta prozedura judizialari hasiera emateko.

 

4. Udalak komunikabideei eskatzen die, halako gaiek beharrezko duten ardurarekin jokatzeko. Gertaturikoak larriak ez ezik mingarriak ere badirenez, erasotuek eta familiek merezi eta beharrezko duten intimitatea bermatzea exijitzen dugu. Ez dezagun espektakulurik egin drama honetaz.

 

5. Udalak bihar, asteazkena, herriko hainbat emakumeek eraso hauek kalean salatzeko egindako deialdiarekin bat egiten du, eta herriko eragile eta herritar guztiei bertara azaltzeko gonbitea luzatzen die. 19:00etan Lasarte-Oriako Okendo plazan elkarretaratzea deitu dute emakumeen aurkako indarkeria salatzeko eta erasotuari babesa adierazteko.

 

6. Udalak, konpromiso irmoa agertzen du, halakorik berriz errepikatu ez dadin beharrezko neurri guztiak hartzeko. Gertaera larria, salagarria, mingarria da. Baina ez hori bakarrik, herritarren arteko bizikidetza arriskuan jartzen dute halakoek, pertsonaren askatasun indibiduala eta intimitatea urratu baitute. Honen aurrean, Udala ez da isilik geratuko, baina garrantzitsuagoa: ez da hitzetan soilik geratuko.

 

7. Amaitzeko, berriro ere ozen esan behar da hau ez dela kasu isolatua. Jakin badakigu honelako gertaerak askotan ematen direla gure herrian nahiz eta komunikabideetan ez agertu.Oraindik ere emakumeen aurkako indarkeria egotea ahalbideratzen duen egitura oso baten ondorio zuzena da. Horregatik, kasu hauek sufritzen dituzten emakumeei salaketa egiteko deia luzatzen diegu gure babes osoa izango baitute. Gure aldetik berriz, gaurko adierazpen hau urte osoan zehar errepikatzen diren gertaera guztiak salatzeko aprobetxatu nahi dugu.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna