Albisteak
Udalbatzarrak 2018ko ordenantza fiskalak onartu ditu
2017-11-06 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Udalbatzarrak ordenantza fiskal berriak onartu ditu. Zergak eta tasak %1,2 igoko dira, plusbalioak eta zaborrak izan ezik. Eguneko arretarako eta mendekotasunik gabekoentzako jangelarako tasak sortu dira, eta hobariak onartu dira alokairua bultzatzeko eta familia ugariei onurak eskaintzeko.
2018ko zergak eta tasak igotzeko erabilitako irizpidea Funcasen (Aurrezki kutxen fundazioaren) KPIa aplikatzea da, %1,2ko hain zuzen. Azken urteetan aplikatutako irizpide berarekin jarraitu da.
Hiru dira salbuespenak. Plusbalioak, zeinen tipo maximoa %15ekoa baita, %4 igo dira, Gipuzkoako batez bestekora hurbiltzen joateko asmoz. Une honetan, Lasarte-Oriako zerga-tasa 4,65etik 4,84ra pasako litzateke.
Kiroldegiko abonuen tasak Buruntzaldean egindako akordioaren arabera igo dira. Familia abonua %1,67 igo da (240 eurotik 244ra), helduen indibiduala %1,20 (158 eurotik 161era) eta haurrena %2,00 (99tik 101era).
Azken salbuespena zaborrena da, %5 igo baitira, helburua delarik bere kostuaren estaldura-maila %50en inguruan mantentzea.
Beste erabaki bat da %50eko hobaria sortzea alokairuan jartzen diren etxebizitza hutsen IBIan. Jabeak Alokabideren esku jarri beharko du etxebizitza, Eusko Jaurlaritzako erakunde horrek alokairuan jar dezan.
Beste hobari bat sortu da dibortziatu eta gurasoek zaintza partekatua lortu duten familia ugarientzat. Kasu honetan, seme-alaben bizileku ohiko diren bi etxebizitzen IBIan %50eko deskontua aplikatuko da.
Hirukiderekin adostuta, muga igo da familia ugarien IBIaren eta zirkulazio-zergaren hobariak lortzeari dagokionez. Zirkulazio-zergaren kasuan, 13,95 CVFtik 15,99ra pasako da. IBIren kasuan, hobaria eskatu ahal izango dute 182.000 eurotik beherako balio katastrala duten etxebizitzetan.
Azkenik, tasa berriak sortu dira 2018ko urtarrilean abian jarriko diren eta mendekotasunik gabeko adineko pertsonei zuzenduak diren bi zerbitzuetarako. 233,15 euro ezarri dira estimulazio kognitiboko programaren erabiltzaileentzat.
Eguneko Arreta Zerbitzuari dagokionez, Jubilatuen Ekartean emango baita, prezio hauek onartu dira:
- LGS baino gutxiagoko diru-sarrerak
- 24€/hileko
- LGS eta 18.000 euro bitarteko diru-sarrerak
- 48€/hileko
- 18.000 eurotik gorako diru-sarrerak
- 72€/hileko
- Jangela zerbitzua
- 96€/hileko
- Jangela zerbitzu puntuala
- 4€/eguneko