Albisteak

Udalbatzarrak 2015eko aurrekontua onartu du

2015-05-15 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

Bildu , EAJ, LOHP eta Marisa Zubiri hautetsi ez adskribituaren aldeko bozkekin 21.771.000€-ko aurrekontua onartu da eta horrekin batera aurreko urteko soberakinean jatorria duen kreditu aldaketa ere onartu da. Beraz, guztira aurten Udalak 2.038.000€ zuzenduko ditu inbertsioetara kaleak asfaltatzen, Sasoeta urbanizatzen eta Zumaburuko eskola konpontzen batik bat.

 

Udal gobernuak hurrengo balorazioa egin du:

 

“2011ean Lasarte-Oriako alkatetza gure gain hartu genuen bost zinegotziekin eta bi soilik zeuzkaten beste bi alderdirekin ituna eginez. Oso tesitura zaila, aurretik pausu bakoitza negoziatzea eskatu zigun lau urteko gobernua geneukala jakinik, alegia, ez zuela zerikusirik izango gehiengoan agintzearekin. Lau urte pasatu dira eta arro esan dezakegu lortu dugula. Lau aurrekontu onartu ditugu eta udalerrian nahiz herritarrengan inbertitzeko aukera eman diguten beste horrenbeste kreditu aldaketa ere bai. Gobernu egonkor bat lortu dugu gutxiengoan, frogatutzat utziz negoziatzeko gure ahalmena alderdi politiko guztiekin, salbuespenik gabe, akordio puntualak lortu baititugu.

 

Azken lau urte hauetan Udaleko kontuak saneatzea lortu dugu, aurreko gobernuak herentzian utziriko zorra 4.800.000€-tan murriztuz. Guzti hori, krisi egoeran gobernatzea tokatu zaigula kontuan harturik, non, diru-sarrera mailak eta ondorioz baita aurrekontuek ere behera egin duten nabarmen.

 

Hala ere, tokiko ekonomiaren garapenari zuzenduriko arlo espezifiko bat sortu dugu eta azken lau urte hauetan 595.000€ zuzendu ditugu. Hain zuzen, langabezi datuak itxaropentsuak dira, inguruko beste udalerriekin alderatuta errekuperazio azkarragoa bizitzen ari gara eta Gipuzkoa nahiz Eusko autonomia erkidegoa baina datu hobeak ditugu.

 

Hala eta guztiz bizitzea tokatu zaigun garaia kontutan harturik, hori ez da traba izan gure apustu nagusia Gizarte Zerbitzuetan egiteko. Datuak datu dira: aurrekontuetan arlo honi urtean zuzendu diogun diru kopurua handitu egin dugu 4.067.000€ arte. 2011ean 3.590.000€ inbertitzen genituela kontutan izanik gaur onartu dugun aurrekontuarekin alderatuta %12ko hazkundea izan du. Gure ustez beharrezko apustua egoera okerrenean dauden pertsonen bizitzak duintzen baititu.

 

Zerbitzuak handitu eta arlo berriak sortu ditugu, herritarren parte-hartzeari zuzendutakoa adibidez. Era horretan aurretik bagenekiena frogatu ahal izan dugu: herritarrek ez dutela soilik lau urtean behin parte hartu nahi eta udal erabakietan guztion parte-hartzea posible eta gainera beharrezkoa dela.

 

Azkenik, zerbitzu guztiak hobetzeko apustua egin dugu eta horretara zuzenduriko partidak handitu ditugu; Euskararen kasuan bezala, 50.000€-ko igoerarekin, ikaskuntza errazteko eta bere erabilera sustatzeko helburuarekin.

 

Inbertsioen kasuan, urtero egin ahal izan ditugu eta aurten 2.038.000€ zuzenduko ditugu horretara. Oraingo kasuan, aurtengo aurrekontuan txertaturik dauden (1.267.000€) eta 2014ko soberakinean jatorria duen kreditu aldaketaren (771.000€) gehikuntza da. Horrek obra garrantzitsu eta beharrezkoak egiteko aukera emango digu, hainbat kaleren asfaltatze lanak (Kale nagusia barne) 473.000€-ko kostuarekin; Zumaburu eskolako fatxadaren eta teilatuaren konponketa 330.000€-ko balioarekin; Sasoetako etxabeen eraisketaren ondoren hutsik geratuko diren espazioen urbanizatze lanak 375.000€-ko kostuarekin; eta Manttangorria Mugi txartelaren barruan sartzea edo argiteri publikoaren hobekuntzaren moduko beste hainbat txikiago. Ahaztu gabe hurrengo korporazioari soberakineko beste 500.000€ gehiago utziko dizkiogula.

 

Azken finean, lan arduratsu bat egin dugula uste dugu, serioa, harrokeria handirik gabekoa, gure udalerrian bizi dugun egoerarekin akorde dagoena eta hobekuntza nabarmena eginez duela lau urte aurkitu genuen Udalaren egoerari. “

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna