Albisteak

Udalaren irudi korporatibo berria aurkeztu da

2013-06-04 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala

Iazko azaroan onartu zen udalbatzarrean irudi korporatibo berria aukeratzeko ideia eta orain arteko bidea luzea izan da. Lehiaketa baten bidez sortu zen irudia, bertan 70 diseinatzailetik gora aurkeztu zituzten beraien lanak eta herritarrak nahiz elkarteek epaimahai modura aritzeko aukera izan zuten.

 

Lehiaketa honetako irabazle aurtengo apirilean aukeratu zen eta handik aurrera irudi berriarekin lanean aritu da Udala. Irudi honek ezaugarri asko batzen zituen eta proposamenak bi kontzeptu uztartu nahi zituen; alegia, batetik, udala (erakunde gisa) eta, bestetik, herritarra (gizarte anitz, plural eta parte-hartzailea). Eta horri heldu zion Udalak hasierako unetik, Lasarte-Oriaren bereizgarriak ezin baitzuen forma bat edo kolore bakar bat izan, guztien batura bat baizik. Aniztasuna.

 

Beraz, ideia honetatik abiatuta eta irudiaren erabilera bermatzeko prestakuntza guztiak egin ondoren. Irudiaren aurkezpena prestatzeari ekin zion, aurkezpen berezi bat, irudiak azaldu nahi zuen aniztasun idei hori ahal zen ondoen garatu ahal izateko.

 

Horretarako, Udaletxe berriko eraikinaren sarrera erabili du eta bertan herri honen aniztasuna oso ondo adierazten duten elkarteen laguntzaz proiektu berri bati hasiera eman zitzaion, Emozioen horma. Funtsean, herriko elkarte guztiek Lasarte-Oria gure herriaren inguruan duten pertzepzioa jasotzen duen horma.

 

Horretaz gain Erketz, Senblante Andaluz eta Kukuka elkarteen eskutik dantza saioak egin dira, aniztasun hori erakusteko beste saiakera batean. Eta ondoren, Pablo Barrio alkateak hitza hartu eta gure udalerriaren aniztasunaren inguruko azalpena eman zuen.

 

 

Alkatearen hitzak:

 

Lasarte-Oria, guztiona

 

Lasarte-Oriak Santiagora zihoazen bideen gurutzagunean omen du jatorria. Bide horiek, geroago, errege-bide eta N-1 errepidea bihurtu ziren. Hortik, apaizetxearen erronbo-forma, bi ardatz horien gurutzagunean baitago, herriaren erdialdean. Esan daiteke, beraz, lasarte-oriatarrok historikoki bidaiariak garela, leku honetan finkatuz joan garenak. Lasarte-Oria da gure iritsierako geltokia.

 

XIX. mendearen amaiera aldera, gehienez ere bostehun bat bizilaguneko hirigunea zen, eta gehienak baserrian aritzen ziren, harik eta industrializazioa iritsi eta fabrika handiak kokatzen hasi ziren arte. Gertaera horrek ugaritu egin zuen gure herrian kokatzera iristen zen jende-kopurua, eta, urte gutxian, gaur egun dugun populazioa izatera iritsi ginen.

 

Bistakoa da Lasarte-Oria oso jatorri desberdinetako biztanleok osatzen dugula, eta, neurri batean, horren arrazoia da gu edo gure familiak bidaiariak izan direla, estazio honetan jaistea erabaki zutenak ez oso aspaldi.

 

Eta, estazio guztietan bezala, gertaera horri esker, Lasarte-Oria udalerri dibertsoa, bizia, koloretsua eta aberatsa da, bai esperientzietan, bai planeta guztitik etorritako errealitate eta sentimenduetan. Izan ere, gure udalerria 70 kultura ezberdin baino gehiagotako jendeek osatzen dugu, bakoitzak bere jatorrizko hizkuntza duelarik.

 

Pentsatzeko, sentitzeko eta irizteko makina bat modu ontzi berean; eta ontzi honetan, batzuetan, bizikidetzak probatan ezartzen gaitu, baina, beste une garrantzitsu batzuetan, gai gara ahaleginak batuta aurrerapen handiak lortzeko, hala nola gure herriaren independentzia.

 

Ideia horixe helarazten digu, hain zuzen, gaur aurkezten dizuegun irudiak, Lasarteri bere izena eman dion familia noble harren heraldika tradizionaletik urrun. Lasarte-Oria orduan baino askoz gehiago da, Lasarte-Oria bi herrigune bereizi zirenean baino, edo Hernaniren, Andoainen eta Urnietaren parte zenean baino.

 

Gaur, hemen, berrogei elkarte eta talde baino gehiago bildu gara, populazio bizi, aktibo eta parte-hartzaile baten erakusgarri, dohain horiexek baitira, besteak beste, ezaugarritzen gaituztenak. Eta haien guztien laguntzarekin tankeratu ahal izan dugu irudi berri honek gure ustez esan nahi duena. Eraiki berri dugun horma honek bezala, era askotako koloreak, sentimenduak, iritziak eta, azken batean, emozioak biltzen dituen irudia. Eskerrik asko guztioi herri hau den bezalakoa egin duzuelako.

 

Anitzak gara, seguruenik, aniztasun kultural handieneko herria probintzia guztian—, eta ezaugarri horrek bereziak egiten gaitu. Ez dugu Kontxakoa bezalako barandarik, ez Getariako arratoirik, baina, historiak erakusten digunez, estazio bat gara, eta esango nuke, gure kolore-bizitasunagatik, udaberria izan gaitezkeela.

 

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna