Albisteak

Udalaren eta Plainco-ren arteko hitzarmena Michelin 2 garatzeko

2018-02-01 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Udalak elkarlanerako hitzarmena sinatu zuen Plainco baltzuarekin Michelin 2 eremua garatzeko, non instalatuko baitira B&B hotel bat, Lidl-en salgune bat, Norauto eta Low-cost gasolindegi bat. Hitzarmenak 100 lanpostu bermatzen ditu Lasarte-Oriako langabetuentzat.

Udalaren aldetik Jesus Zaballos alkateak eta Plainco baltzuaren aldetik José Rodríguez de Arellanok sinatu zuten A.7-Michelín 2 eremua garatzeko lankidetzako hitzarmena. Haren bitartez, partzela horretan instalatuko dira B&B katearen hotel bat, Lidl katearen eremu komertzial bat, Norauto katearen ibilgailuentzako establezimendu bat eta Low-cost gasolindegi bat.

Sinatutako hitzarmenaren garrantzia nabarmendu zuen alkateak, herriko eremu oso garrantzitsu baten garapena inplikatzen baitu, lanpostu asko sorraraziko dituena, Lasarte-Oriako enpresa horientzat erakarmena duela erakutsiz.

B&B kateak egin duen apustu garrantzitsua aitortu zuen, Lasarte-Oriara ekarriko baitu Euskadiko bere bigarren hotela, 3 izarrekoa. Gure herrira turismoa erakartzeko aukera, eta kategoria horretako hoteletan nahiz hotel-plazen faltagatik herrian dugun hutsune bat betetzeko egokiera, lehendik ditugun biekin ez baita asetzen.

Instalatuko den beste enpresa bat Lidl da. Hernanin lehendik ere ezarria dagoen kate komertzial horrek gure herriaren aldeko apustua ere egin du. Horrek adierazten du Lasarte-Oriako jende asko erosketak egitera Hernanira joaten zela eta herriko merkataritzan ez duela eraginik izango.

Norauto automobilari lotutako zerbitzuak eskaintzeko instalatuko da garapen honetan. Haren ondoan baliteke sukaldaritzako gune bat instalatzea. Eta, azkenik, Low-cost gasolindegi bat izango dugu.

Proiektu berri honi Enplegu Lokaleko Mahaiak heldu zion, bai eta babesa eman ere, enplegua sortzeko duen garrantziagatik eta Lasarte-Oriara baliabide ekonomikoak erakartzeko polo bat izan daitekeelako.

Hitzarmena sinatuta, bermatua geratzen da 5 urtez establezimendu horiek Lasarte-Orian erroldatutako 100 langabetu eduki beharko dituztela kontratatuta. Enpresek, ireki aurretik kontratazioko prozesuak abiatzen dituztenean, dagozkien enplegu-eskaintzak Lasarte-Oriako Lanbideren bulegoetara bideratu beharko dituzte, kontratatu beharreko pertsonala hautatzeko, eta ondoren zerrenda Udalari helarazi beharko diote, hark konprobatuko baitu aurrez hautatutako pertsonak gure udalerrian erroldatuta daudela. Behin betiko hautaketa enpresa kontratatzaileek egin beharko dute.

Baldin eta lanpostu horietan bajarik gertatzen bada erlazio laborala erabat etenda, enpresek Udalari jakinarazi beharko diote, kontratazio berriak modu berean egiteari ekiteko.

Baldintza horiek bete ezean, bete gabeko lanpostu bakoitzeko Udalari 30.000 euroko kalte-ordaina pagatu beharra ezartzen da. Plaincok operazio honekin hartzen duen konpromisoaren erakusgarri da hori.

Partzelaren ordenazioari dagokionez, biribilgune berri bat egingo da Michelinera sartzeko gunean, eremu horretan zirkulazioa errazteko. Horrez gain, kamio berri bat egingo da Michelingo oraingo futbol-zelaiaren eta eremu komertzialaren artean.

Era berean, eta partzela eraikitzeko obrak egiten diren bitartean, Plainco konprometitzen da enpresa eraikitzaileek egiten dituzten kontratazio berrietako pertsonala Lasarte-Oriako langabetuen artetik hautatua izango dela.

Amaitzeko, alkateak lanpostu batean interesatuta dauden pertsonei dei bat egin zien erne egon daitezen etorkizunean Lanbiden enpresa horiei lotuta aterako diren eskaintzei, orduan hara jo beharko baitute, eta ez udaletxera.

José Rodríguez de Arellano oso pozik agertu zen lortutako akordioagatik eta Udalak horretarako egin duen ahaleginagatik. Bi urte eta erdiko lana, operazioak arrakasta izango zuela bermatzeko. Udalari tramitazio urbanistikorako bizkortasuna eskatu zion, 2019an eremu horretan jarduera komertziala hasteko moduan egon dadin, bai eta hotela ere, zeina eraikitzeko epea luzexeagoa izango baita, 2020an. Biribilgune berriaren garrantzia azpimarratu zuen, elementu garrantzitsua izango baita eremu horretako garapen berri hau ondo atontzeko.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian egon ziren B&B Hotels eta Lidl enpresetako ordezkariak. Hitzarmena sinatu ondoren, garapen honen tramitazio urbanistikoa abiatzen duen dekretua sinatu zuen alkateak, A.7 Michelín 2 eremua antolatzeko proiektuari hasierako onespena emanda.

Infografia

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna