Albisteak
Udalaren eta EDPren arteko hitzarmena pobrezia energetikoaren aurka
2016-11-23 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Lasarte-Oriako Udalak eta EDPk hitzarmen bat sinatu dute, ahultasun egoeran dauden pertsonen babesa bermatzeko, eta horrela, pobrezia energetikoa delakoaren aurka borrokatzeko.
Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Lasarte-Oriako alkate Jesus Mari Zaballosek eta EDPko Operazioen eta Bezeroentzako Zerbitzuen zuzendari Carlos Cienfuegosek. Horren bidez zera adostu dute, ekonomikoki egoera ahulean dauden pertsonek faktura ordaindu ez badute ere, argindarraren eta gasaren hornidura etetea saihesteko beharrezkoak diren koordinazio-mekanismoak ezartzea.
Zaballosek iragarri du laguntza-ildo bat onartuko dela aurki pobrezia energetikoko arriskuan dauden familientzat, gasa eta argindarra hornitzen duten enpresekin adostu ondoren, eta bereziki Eusko Legebiltzarrean PSE-EEren emendakinaren bitartez onartu ziren Eusko Jaurlaritzaren laguntzetatik kanpo geratzen direnentzat. Laguntza horiek nahikoak ez direnez, udalok programa sendotu beharra daukagu lakra hori bukatu nahi badugu. Alkateak iragarri zuenez, EDPk udal batekin sinatzen duen hirugarren hitzarmena da. Logroño eta Bilbo izan ziren lehenak, eta adibidea zabaldu eta udal gehiago batu daitezen espero du.
Lasarte-Oriako Udalaren esku-hartzea eskertu du Luengosek, ezinezkoa baita berak ordezkatzen duen enpresa batentzat ahultasun egoera horiek antzematea Zerbitzu Sozialen laguntzarik gabe. Prest agertu dira pobrezia energetikoaren aurkako borroka honetan laguntzeko, energiaren kontsumo iraunkorraren inguruko formazioaren bidez.
Lasarte-Oriako Udalak eta EDPk hitzarmena sinatu dute egoera bereziki ahulean dauden bezero lasarteoriatarrak babesteko helburuarekin.
Hitzarmen honen helburua da bi erakundeen arteko koordinazio-mekanismoak ezartzea eta artikulatzea, fakturak ordaindu gabe dituzten pertsonentzako gasaren eta argindarraren hornidura etetea saihesteko. Ezarritako baldintzak bete beharko dituzte pertsona hauek Udalak ematen dituen laguntza sozialen onuradun izateko. Laguntza horiek zorraren zati bat edo zor osoa ordaintzeko erabili ahal izango dira.
Udalak laguntza jasotzaile posiblearen egoeraren berri eman orduko, EDPk konpromisoa hartzen du epe bat ezarriko duela non ez baita hornidura etengo, eta aurretik etena badago, berriro hornitzeari ekingo zaio baldin eta Udalak laguntza sozial baten aukera tramitatzen badu. Argindar erakundeak ez du inolako interesik, komisiorik edo gastu gehigarririk ordaintzeko exijituko.