Albisteak
Udalaren argibideak udako txokoei buruz
2018-04-23 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Udako txokoak iaz arte Udalarekin izenpetutako hitzarmen baten bitartez Ttakunek antolatu ohi zituen zerbitzu bat dira, eta familiek pagatzen zuten kuotetatik eta Udalaren diru-laguntzatik osatutako diru-sarreren bidez finantzatzen zen oso-osorik, Ttakunek jarduera horretan euro bakar bat ere jarri behar ez zuelarik.
Horregatik, duela urte batzuetatik hona, Ttakunekin lanean aritu gara egoera anomalo hori erregulatze aldera, zeren eta zerbitzu guztiak lizitazio publiko baten bidez adjudikatu behar baitira, zerbitzua eman nahi duen edozein enpresari hartara aurkezteko aukera emanez.
Inork ez luke ulertuko baldin eta Udaletik, behatzez esleitutako diru-laguntza baten bitartez, enpresa bati adjudikatuko bagenio, esate baterako, kaleak garbitzeko zerbitzua edo etxean laguntzeko zerbitzua, legearen araberako lizitazio garden bat egin gabe. Izan ere, horrela egin ezean, prebarikazioko delitua egiten ariko ginateke.
Udaletik ez dugu zalantzan jartzen zerbitzu hori eramaten Ttakunek orain artean egin duen lan bikaina, eta horregatik atera da lizitazio publikoa haiek berak orain artean aurrera eramaten ari ziren proiektua kontuan izanda.
Baina, enpresa bat lizitaziora aurkezten denean, proposamen tekniko on bat egin ez ezik, eskaintza ekonomiko on bat ere egin behar du, zeren eta bietako puntuak batuta puntuazio handiena lortzen duena baita lizitazioko irabazlea.
Eta horixe da udako txokoen lizitazioan zoritxarrez gertatu dena: beste enpresa batek Ttakunen proposamenak baino puntu-kopuru handiagoa lortu du guztira. Enpresa horri dokumentazioa eskatu zaio, adjudikazioa burutzeari ekiteko. Gertatuko balitz eskatutakoa ez duela betetzen, hurrengo enpresari adjudikatuko litzaioke, eta kasu honetan Ttakun litzateke.
Ez teknikariek,, ez udaleko gobernuak, ezin dute objektibotasunik gabe jardun prozesu osoan zehar, zeren eta, uneren baten Ttakunen alde egingo bagenu herriko entitate bat delako, berriz ere prebarikatzen ariko baikinateke. Eta ez gaude marra gorri hori gurutzatzeko prest.