Albisteak
Udalak politika sozialean eta inbertsio ugaritan oinarrituriko aurrekontua onartu du
2014-04-11 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Udala
Gaur goizean hiru orduz luzatu den udalbatzarrean Lasarte-Oriako Udalak 2014ko aurrekontuak onartu ditu PNV, LOHP eta Bilduren bozkekin. Egungo egoera ekonomikoa dela eta, lanaren sustapenean eta gizarte zerbitzu indartsu batzuetan oinarritu da eta gainera inbertsio ugari aurreikusten dira.
Udalbatzarraren bukaeran, modu honetan azaldu du aurtengo aurrekontua:
Egungo egoera ekonomikoarekin bat egin eta inbertsio bitartez beharrak asetzeko aukera ematen digun aurrekontua
Aurrekontuak lantzerako orduan, asmo edo lan konkretuak gauzatzetik at, denok egin ohi dugu, edo egin beharko genuke behintzat,aurretikako buru eragiketa bat, hain zuzen ere bidea ezartzen lagunduko diguna. Oso garrantzitsua baita, nondik gatozen, oinarriak finkatzeko eta norantz goazen bidean ez galtzeko.
Gure kasuan, egungo egoeraren diagnostiko egoki bat egiteko eta haietan oinarrituriko aurrekontua definituko duten ildoak ezartzeko hainbat adierazle ditugu. Alde batetik garrantzitsua izan da joan den irailean eginiko inkestatik jasotako datuak eskuetan izatea. Bertatik, hain zuzen ere, egiaztatu baikenuen langabezia eta egungo egoeratik eratorririko kezka sozialak zirela gure herritarren ardura nagusiak. Era berean, gizarte zerbitzuetan emandako esku-hartze kopuruak eta RGIaren jasotzaileen igoerak, zerbitzu hau indartzearen beharraz jabetzen laguntzen gaituzte.
Horrek eraman gaitu zentzu bikoitza duen apustua egitera, alde batetik ekonomiaren berraktibatzearen eremuan eta bestetik bazterketa egoeraren aurkako borrokan.
Lehenengo kasuan enpleguaren sustapenari dagokion partida %47,7 batean igo dugu. Bertan bi ildo nagusi bereiz daitezkeelarik:
* Batetik, orain artean existitzen ez zen eta etorkizunean oso positiboki eragitea espero dugun eskualde mailako Garapen Agentzia baten sorkuntzan parte-hartzeari dagokiona, 2013/14 eta 2014/15 ikasturteetarako eskualde mailako enplegu planei egingo zaien ekarpenarekin batera. Guztira 65.000 euro zuzenduko direlarik.
* Eta bestetik, gure udalerriaren ekonomiaren %70a suposatzen duen hirugarren sektorearen aldeko apustua egiten jarraituko da “Lasarte-Oria Tratu on bat” markarekin, Aterpearekin egiten ari den elkarlanarekin eta ekintzaileentzako negozio berriei emango zaizkien diru-laguntzekin.
Gizarte Zerbitzuei dagokienean, egindako apostua ez da txikiagoa, aurrekontuen zati handi bat, zehazki 3.855.591 euro aurtengo %2,1eko igoerarekin eta bertan ematen diren zerbitzu ezberdinen egokitzapenarekin jarraitzeko helburuarekin. Eta era berean, esanguratsua da ingurunearen zaintzari zuzenduriko partida %19 batean, 105.214 eurotan gehituko dela. Bertan kokatzen dira, etxeko laguntza zerbitzua, esku-hartze sozio-edukatibo eta psikosoziala familiekin programa, Alzheimer eta beste dementzia batzuek jasaten dituztenen esku-hartze taldea eta giza larrialdietako nahiz gizarteratzea bultzatzeko diru-laguntzak.
Alokairu sozialaren aldeko apustua egiten jarraituko dugu iazko aurrekontuetatik Zabaleta berriko etxebizitzak udaleko ondarean mantentzeko aukera berreskuratuz eta etxebizitzaren problematikari irtenbide bat alokairuaren eta bereziki alokairu sozialaren bidez emateko.
Herritarrek, garbiketa, asfaltatzea, argiteria eta orokorrean kaleko lanak aipatzen zituzte eginiko inkestan beste beharrezko hobekuntza moduan. Hori dela eta, duela hilabete inguru eginiko kreditu aldaketen eta aurrekontu hauen artean
454.168 euro inbertituko dira aurten udalerriko errepideak asfaltatzen, Pinutegiko ezponda konpontzen, bide batzuen konponketan, argiteria publikoa berritzean eta haurrentzako parkeetan.
Eta ezin ahaztu, guretzat estrategikoa den lan ildo garrantzitsu bat, parte-hartzea eta demokrazia zuzen eta jarraia ekarriko digun eredu baten sorkuntza. Udalerri honetako proiektuen gauzatze eta erabakitze prozesuetan herritarren inplikazio ekarriko duen sakontze lan batean sinesten dugu. Luzera begirako bide bat da, baina Lasarte-Oriatarrei hitza eta erabakia emateak herri hau demokratikoagoa egingo du. Gainera, modu honetan, hartutako erabakiak hobeak izatea lortzen da eta pertsonen eskaera errealei ere hobeto erantzuten zaie. Horregatik, aurtengo aurrekontuak “Auzoz auzoko” bigarren edizio egitera zuzenduriko partida bat jasotzen du, berriz ere herritarrengana hurbiltzeko aukera izateko.
Eta azkenik, orain artean inbertsio asko ezin izan badira ere egin, aurten 1.072.564 euro inbertituko dira aurrekontuan:
Hirigintza mailan, aurrekontuan datozen zenbait inbertsiori kreditu aldaketetatik etorriko diren beste hainbat gehitu beharko zaizkie soberakinari esker. Hauek izango dira:
* Tximistarretan jarriko den haur parkea
* Zumaburuko ikastetxeko larrialdi irteera eta Garaikoetxea ikastetxeko jangelako zimenduak.
* Zabaleta berriko auzo elkartea.(2013ko aurrekontuetatik berreskuratu)
* Hirigintzako udal bulegoen birgaitzea bere erabilera publikorako.
* Sasoetako bajuen eraispena eta urbanizazioa
* Udaletxeko birgaitzeak
* Bidegorria – Donostiarekin lotura (Kreditu aldaketaren zain)
* Udal kiroldegi berri baten proiektua (Kreditu aldaketaren zain)
Kulturan ere 126.443 euro inbertituko dira:
* Musika instrumentuetan
* Funts bibliografikoan
* Arte eszenikoetarako ekipamenduan
* Kultur Etxeko auditoriorako ikus entzutezko ekipamenduetan.
Kirolean 93.031 euro inbertituko dira, Gazterian 30.550 euro, altzari eta ekipamenduan 53.432 eta azkenik beste 10.000 euro bi konpost gune berri ezartzeko.
Logikoki aurrekontu batek ez ditu modu osoan norberaren asmo guztiak jasotzen, eta gure kasuan ere horixe pasatzen zaigu, eta oraindik ideala izan zitekeenetik urrun badago ere, zentzu horretan pausuak ematen jarraituko dugu, berriro ere auzoekin, elkarteekin eta taldeekin bilduz, eta herritargoaren kezkak jasoaz Lasarte-Oria Guztiona egin dezagun eta guztion artean Lasarte-Oria hobetuz jarraitu dezagun.