Albisteak
Udalak jarraitu egingo du futboleko eta atletismoko zelaiaren proiektuarekin
2016-12-15 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Lasarte-Oriako Alkatea Jesus Zaballosek Atsobakarreko udal partzelan kirol ekipamendua eraikitzeko proiektuari eutsi egingo zaiola jakinarazi du, Usurbilgo Udalak jarritako trabak gorabehera. Aurki lizitatuko da futbol eta rugby zelaia, 400 metroko atletismoko pista eta aldagelak eraikitzeko proiektua.
Kiroletako zinegotzi Txus Alonso eta Hirigintzako zinegotzi Agustin Valdivia lagun dituela, Zaballosek kirol ekipamendu horiek eraikitzeko konpromisoa berretsi du, aukera emango baitu kiroldegia Michelinera lekualdatzeko.
Alkateak “deitoragarri eta etsigarri” jo du Usurbilgo Udalaren jarrera, izan ere, erantzuna bost hilabetez atzeratzea Lasarte-Oriarentzat funtsezkoak diren eta usurbildarrentzat erabilgarri liratekeen proiektuak geldiarazten ari baita.
Usurbilgo Udalak ez du batere lagundu instalakuntza hau osorik jaio dadin eta eskualdeko izaera argia izan dezan. Partzela uzteari uko egitea ulertezina da, jakitun baitira harekin ez dutela ezer egiterik, espazio mugengatik eta bidegorriak eragindako kalteengatik. Eta bereziki, Euskotrenen goi-pasabideagatik, goragoko edozein eraikuntza eragozten baitu.
Jarrera horren ondorioz, instalakuntza berria herren jaioko da, ez baitu harmailarik izango. Hori dela eta, futbol eta errugbi zelaia entrenamendurako besterik ez da izango. Gainera, kalte ekonomiko nabarmena egin dio Lasarte-Oriako Udalari, ia bideraezin bihurtzen baitu kiroldegi berriaren proiektua hilabete honetan argitaratuko den kirol ekipamenduetako foru laguntzen planera aurkeztea.
Nolanahi ere, Lasarte-Oriako Udalak ez dio aterik ixten akordioari. Proiektua baldintza horietan idaztea martxan jarri arren, Usurbilek bere jarrera berriro kontsideratzea espero du, eta zelaia lehiaketa ofizialetarako baliagarria izan dadin beharrezkoak diren harmailak azkenean egin ahali zango direlakoan dago.
Aurrekariak azalduz eman dio hasiera prentsaurrekoari Zaballosek. Kirol erabilerako bi udal partzeletan eraikiko da ekipamendu berria. Baina, harmailak eraiki ahal izateko, ezinbestekoa da Usurbilii utzi zitzaion hirugarren kirol partzela. Ez luke besterik jarri beharko, gainerakoa Lasarte-Oriako Udalaren kargura joango bailitzateke. Are gehiago, konpromisoa zegoen usurbildarrek aukera izan dezaten kiroldegia astean bitan erabiltzeko.
Zesio honen eskaerari Usurbilen egin beharko diren inbertsioen eskaerarekin erantzun zion Usurbilgo alkateak: eskubaloiko pista estaltzea, igerilekua partzela berde baterantz irekitzea eta bidegorri baten bidez Usurbil Urbilekin lotzea. Aldundira helarazi beharreko eskaerak ziren guztiak., eta bitxia badirudi ere, PSE-EEko diputatuek eginak. Zaballosek zera adierazi du, zegozkion gestioak egin zituela diputatuekin, aukerak ikusteko.
Lehenengo biei dagokienez, kiroletako diputatuak adierazi zion ezin zuela hitzarmen partikularrik egin, kirol ekipamenduen plan bat hiru urteko epean ateratzekotan baitziren, eta plan horretara Usurbil aurkez baitzitekeen. Bidegorriari dagokionez, mugikortasuneko diputatua zintzoa izan zen, eta adierazi zion ezin zuela koneksio guztia konprometitu betetzerik izango ote zuen ez zekien hitzarmen batean. Hala ere, zatika egiten ari dela esan zigun, aurrekontu baliabideen arabera.
Bi udalek hainbat bilera egin ondoren, lehenengo bi eskaerak bertan behera utzi ziren; bidegorria gauzatzeari, ordea, eutsi egin zioten, Lasarte-Oriako Udalak beharrezko jotzen baitu. Uztailean proposamena helarazi zitzaienetik, luzamendutan ibili ondoren, alkateak telefonoz deituko zuela hitz eman arren, posta arruntez iritsi da erantzuna, Usurbilgo udalbatzarrean onartutako mozio batean. Bertan, Usurbilgo partzela ez zaigula utziko jakinarazten zaigu, eta proiektua Lasarte-Oriaren jabetzako partzelei eta legezko prozedurari doitu behar zaizkiola.
Egoera honek erabateko etsipena eragin dio Zaballosi, nabarmen kaltetuko baititu lasarteoriatarren interesak ez ezik eskualde guztikoak ere. Zenbaitek kirol arloko hitzarmenak erabiltzen dituzten garai batean, zera iragarri zuen: kirol ekipamendu hau egiteari Usurbilgo Udalak trabak jartzen badizkio, kirol arloko Buruntzaldeko hitzarmena salatuko du, eta ondorioz, eskualdeko jendeak ezingo ditu Lasarte-Oriako instalakuntzak erabili.
Urbil eta Usurbil lotuko dituen bidegorriari dagokionez, datorren urterako zati berri bat aurreikusia dagoela gogorarazi zuen, Urbil Txikierdirekin eta Michelinekin lotuko dituena. Hiruren artean sinatu beharreko hitzarmen baten bidez emango zaio Aldundiari obrak gauzatzeko baimena, eta 2017an hasiko dira lanak. Honako hau izango da finantziazioa: 60.000 € Lasarte-Oriako Udalak, 150.000 € Usurbilgoak eta 300.000€ Gipuzkoako Aldundiak.