Albisteak
Tximistarreta parkeak jada badu herritarren artean eginiko proiektu bat
2013-10-01 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Hirigintza eta zerbitzu orokorrak
Orain dela hilabete batzuk, Tximistarreta parkeko parte-hartze proiektua aurkeztu zuen Udalak, bertan, hirigintza herritarrekin egiteko nahia adieraziz eta modu horretan orain artean Udaleko politiko eta teknikoen esku egon den gai bat herritarrengan hurbilduaz.
Herriaren erdian kokaturiko gunea dugu Tximistarreta, azken finean lehenago edo beranduago guztiok erabiliko duguna, eta beraz, Udalaren ikuspuntutik herritarren parte-hartzea eta laguntza beharrezkotzat jotzen da gune honi buruzko iritziak, ideiak eta proposamenak jaso eta herritarren beharretara egokitutako zonaldea eraikitzeko.
Ekainean, inguruko bizilagun, elkarte eta talde ezberdinekin landa-lana eta elkarrizketak burutu ziren, etorkizuneko proiektua lantzera begira oinarrizko informazioa ateratzeko asmoarekin. Irailean, aurretik eginiko lan guztia sailkatu ondoren, Udala pertsona guzti horien ordezkaritzarekin bildu da etorkizuneko parkearen eskema orokorra landu duen lan talde batean. Horretarako, eskala handiko plano eta maketa gainean lan egin da parte hartzaile guztien ekarpenekin batera eta Hirigintza arloko udal teknikariekin ere parte hartu dute.
Orain, Udaleko bulego teknikoaren txanda izango da, hemendik hilabete batzuetara gauzatuko den behin betiko proiektua egin beharko baitu eta modu horretan hurrengo udaberrirako herritarrek diseinatutako parkea izango dugu.