Albisteak
Ttakun elkartea ezagutzeko bisita antolatu du Lasarte-Oriako Anitzen Sareak
2017-01-25 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Lasarte-Oriako Anitzen Sareak Ttakun elkartea ezagutzeko bisita antolatu du, herriko elkarte eta norbanakoek elkarren arteko harremana eta ezagutza areagotzeko egiten dituen ekimenen artean. Bisita urtarrilaren 31n, asteartea, arratsaldeko 18:30ean izango da Ttakunen bulegoan (Geltoki Kalea, 4 behea).
Bertan, Ttakuneko kideek elkartearen aurkezpena egingo dute, eta 2016. urteko gertakari bereziak azaldu: Euskararen 9. Maratoia eta, Ttakun sortu zeneko urteurrena izan dela aprobetxatuz, elkarteak 25 urtetan izan duen bilakaera. Amaitzeko, mokadu bat eskainiko zaie bertaratutakoei ireki berria den Ttakunenea espazioan. Aurkezpena euskaraz izango da, eta gaztelaniarako itzulpena eskainiko da.
Anitzen Sarea Lasarte-Oriako norbanako eta eragileek osatutako sarea da, herritarren artean aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko lanean diharduena azken urteetan. 2016an hainbat ekintza gauzatu dira bide horretan, eta 2017an ere lanketa horrekin jarraitu nahi da. Horrela, elkarren ezagutza eta harremana areagotzeko lehenengo aukera Ttakun gertuagotik ezagutzeko bisita izango da.
Anitzen Saretik, interesatutako guztiei luzatzen zaie gonbidapena Ttakun elkartea ezagutzeko aukera honetara gerturatzeko.