Albisteak

Siriar errefuxiatuak aterpetzea

2015-09-10 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

Aho batez PSE-EEk aurkeztutako mozioaren emendakin transakzional bat onetsi zuen atzo udalbatzarrak. Onetsitako testua honako hau da:

 

            1.- Lasarte-Oriako Udala aterpe-hirien sarea deritzonarekin bat egitera konprometitzen da, orain Sirian eta hurbileko herrialdeetan gertatzen ari den bezala gatazka politiko eta militarretatik ihes egiten duten errefuxiatuak aterpetzeko dispositiboak prestatuz, eta herritarrei dei egiten die inplika daitezen eta ahal duten neurrian kolabora dezaten errefuxiatuei arreta eta laguntza ematen.

 

            2.- Lasarte-Oriako Udalak, hartzekoak dituen errefuxiatu posibleen berri jakindakoan, Bozeramaileen Batzarra deituko du, udalarekin aldetik kasuetako bakoitzean hartu beharreko neurri zehatzak erabakitzeko.

 

            3.- Lasarte-Oriako Udala Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean aritzera konprometitzen da, bai eta Euskadiko beste udalekin elkarlanean aritzera ere, errefuxiatuak aterpetzeko sare lokal bat artikulatzeko helburuarekin.

 

            4.- Lasarte-Oriako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio berehala presta dezala Eudelekin eta foru-aldundiekin elkarlanean plan bat, Siriako eta Irakeko gatazkengatik desplazatuta Espainiara iristen diren pertsonak Euskadin ahalik eta agudotasun eta zabaltasun handienarekin aterpetzea ahalbidetuko duena, hiri aterpetzaileen sarearekin bat egiten duten udalerriei behar duten sostengua emanez eta larrialdiko egoera arintzeko laguntza ekonomiko bereziak bideratuz.

 

            5.- Lasarte-Oriako Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen dio Europar Batasunaren barruan estatu kide bakoitzak dagozkion errefuxiatuak aterpetzeko egiten diren negoziazioetan bere jarrera malgu dezala, eta asilo politikoa eskatzen duten pertsonen kasuan joka dezala eskuzabaltasunez eta zekenkeriarik gabe asiloa ematerakoan.

 

            6.- Lasarte-Oriako Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen dio Europar Batasunean defenda dezala immigrazioaren eta asiloaren gaian politika komun bat martxan jartzea eta hori koordinatuko duen europar agintaritza bat jartzea.

 

            7.- Lasarte-Oriako Udalak Europar Batasuneko buruzagiei eta estatu kideetako gobernuei exijitzen die erantzun aktiboa eman diezaiotela krisi humanitario honi, solidaritate eta justizia humanitariotik, eta beharrezko baliabideak xeda ditzatela gerra horietatik ihes egiten duten guztiak edo tragedia honi etekina ateratzen dioten mafien biktima direnak aterpetzeko, eta, era berean, jar dezatela martxan erreskateko eta salbamenduko operazio efikaz bat, beharrezko baliabideak eta irispidea izango dituena, sokorritzeko eginbidea betez, Mediterraneoan heriotza gehiago gerta ez dadin.

 

            8.- Lasarte-Oriako Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen dio, behin gatazkak amaitutakoan, beharrezko mekanismoak eta baliabideak ezar ditzala arren-eta udalerri honetan errefuxiatutako pertsonak beren jatorrizko hirietara itzul ahal daitezen, betiere hori bada nahi dutena. Horretarako, Udal hau Espainiako Gobernuarekin elkarlanean aritzera konprometitzen da, diru-laguntzen edo bestelako neurrien bidez, hori posible izango dela bermatzeko.

 

            9.- Lasarte-Oriako Udalak erabaki hau hartu duela jakinaraziko die Espainiako Gobernuko presidenteari, Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, Gipuzkoako diputatu nagusiari eta Eudeleko jarduneko lehendakariari.

 

Alkatetza honetatik eskari bat egin nahi diegu Lasarte-Oriako herritarrei, ahal duten neurrian kolabora dezaten Europan aspaldidanik ikusten ez zen tamainako krisi humanitario honetan.

 

Jabetzen gara instituzioen arteko lankidetza elementu giltzarria dela krisi hau behar bezala kudeatzeko, eta horregatik agertzen dugu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko borondatea. Errefuxiatuek izango dituzten premiek instituzio guztiek batera jardutea eskatzen du, era guztietako premiei erantzun beharko baitzaie: ostatatzea, elikatzea, osasuna, haurrak eskolaratzea... Ezin dugu ahaztu familiartekoak, adiskideak, etxea... galdu dituzten pertsonak direla, soinean daramatenarekin bakarrik datozenak.

 

Oraingoz, instituziook Euskadira eta, gure kasuan, Lasarte-Oriara heltzen diren errefuxiatuak aterpetzeko sare hori prestatu behar dugu. Sare horrek prest egon beharko du errefuxiatuak iristen hasten direnerako.

 

Herritarrek bi eratara kolabora dezakete: ekonomikoki, dagoeneko beren inguruko herrialdeetan edo Europako beste batzuetan errefuxiatu-eremuetan edo harrera-zentroetan aurkitzen diren ehunka mila pertsonak mantentzeko, CEAR eta ACNUR erakundeek irekitako kontuen bidez. Hauexek dira: Comisión Española de Ayuda al Refugiado (CEAR) erakundearen BBKko 2095-0002-60-9104192594 kontuan, letra larriz DONATIVOACOGIDAREFUGIADOS adierazita; edo bestela ACNURen Banco de Santanderko 0049-1800-172110528944 kontuan, erreferentzia gisa EUSKADI jarrita.

 

Familia edo pertsona errefuxiatuak etxean hartzeko eskaintza ere egin dezakete. Horretarako, harrera-telefonoaren bidez kontaktuan jarri beharko dute: 944 43 12 74.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna