Albisteak
Sinatu dira Gurasoen Elkarteekin hitzarmenak, Eskola Kirola garatzeko
2015-10-27 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Atzo arratsaldean, Udalaren batzar-aretoan, hainbat hitzarmen sinatu ziren Lasarte-Oriako alkate Jesus Zaballosen eta herriko ikastetxeetako Guraso Elkarteen artean, eskola kirolean jarduteko.
Horrela, ikastetxean kirolean jarduteko egitura espezifiko bati eustea bermatzen da, ikastetxe bakoitzeko kirol-teknikariekin lan egingo duen kirol-koordinatzaile baten bidez.
Ikastetxeek, teknikariek prestakuntza eta teknifikazio jardueretan parte har dezaten bultzatu beharko dute. Gainera, ikastetxeetako agenteak elebidunak izan daitezen saiatuko dira, kirol jardunean euskararen erabilera sustatze aldera.
Ikastetxeek konpromisoa hartzen dute Udalak eskola kirola kudeatzeko sortu duen egitura lokalean parte hartzeko. Horrez gain, ikasturte bakoitzean jarduera egitarau bat antolatuko dute, Foru Aldundiak ezarritako programaren ildoen arabera.
Era berean, kirol elkarteekiko lankidetza erraztu beharko dute, haurren kirol jarduna bultzatzeko, bai eskola garaian bai eskola garaitik kanpo.
Udalak konpromisoa hartzen du ikastetxeko kudeaketarako egitura lokal bat sortzeko, eta egitura lokal horien sorkuntza, garapena eta kontsolidazioa gainbegiratuko ditu. Halaber, programa garatu dadin, udalaren instalazioak erabili ahal izango dira.
Gainera, ikastetxeak diruz lagunduko ditu, Lasarte-Oriako ikastetxeek adostutako irizpideen arabera.