Albisteak

Sexu askapenerako nazioarteko eguna. Lasarte-Oria Guztiona.

2014-06-28 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

Lasarte-Oriako Udalak, ostegunean ospatu zen bozeramailen batzordean, aho batez onartu zuen sexu askapenera nazioarteko eguna dela eta hurrengo adierazpen instituzionala. Era berean, Udaltxeko balkoian sexu askapenaren aldeko ikurrak zintzilikatu ditu.

 

LASARTE-ORIAKO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA. EKAINAren 28a: SEXU ASKAPENERAKO NAZIOARTEKO EGUNA

 

Ekainak 28an, Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguna ospatzen dugu. Egun honetan pertsona orok gure sexualitatea askatasun osoz bizitzeko eskubidea aldarrikatu eta ospatzen dugu. Bereziki transgenero, lesbiana eta homosexualen kolektiboei gure elkartasuna eta miresmena adierazi nahi diegu. Talde hauek burututako aldarrikapenak eta aurrerapausoak, giza eskubideetan oinarritutako gizarteak sustatzen dituzte, giza garapenerako ezinbestekoak dira, eta printzipio demokratikoekin bat datozen gizarte ereduen motorrak dira. Guzti honegatik gure esker beroenak luzatu nahi dizkiogu LGTBQ kolektiboari eta bide batez beraien erronkara batu.

 

Gure sexualitatearen orientazioa edo gure sexualitatea praktikatzeko era, egungo gizarteen antolakuntzaren erdigunean dagoen gaia da, izan ere sexualitateaz aritzen garenean gure nortasunaren eraikitze prozesuaz ari gara hitz egiten.

 

Lesbianismoa, homosexualitatea, eta azken finean sexualitatearen aniztasuna aldarrikatzen duten kolektiboek, normaltasunaren menpe ematen den sexualitatearen mugak zabaltzen dituzte, eta azken finean sexualitatea orohar aberasten dute.

 

Transfobia, lesbofobia eta homofobia gure burua zalantzan jartzeari diogun beldurraren seinale dira, eta konturatu gabe gure egunerokotasunean erabiltzen ditugun mekanismoak dira. Norbait iraintzeko edo era ezezkorrean “marikoi” hitza erabiltzen dugunean, homofobia erabiltzen ari gara taldean nortasun jakin bat ezartzeko, hau da gizonezkoen jokaerari estereotipo matxistei lotutako portaera ezartzen diogu; eta berdina gertatzen ari da “marimutil” hitza erabiltzen dugunean. Egunero ematen diren intentsitate baxuko, eta normaltzat hartzen ditugun indarkeria mota hauek, indarkeria maila handiagoen jatorrian daude.

 

Transfobia, lesbofobia eta homofobia, indarkeria matxista mota bat da, izan ere gure jokaeraren kontrola dute helburu, hau da, gizonok eta emakumeok bete behar ditugun arauak finkatzen dituzte, zeharkatu ezin ditugun mugak direlarik.

 

Indarkeria matxista mota hauek, egunero ematen den sufrimendu askoren oinarrian daude, baina hain normalizatuak dauzkagu transfobia, lesbofobia eta homofobia ez garela konturatzen. Egoera honen adibide argiena eskoletan ematen den jazarpenaren sakoneko errealitatean topa dezakegu, 2012 urtean Estatu Espainolean egin zen ikerketa1 batek agerian utzi zuen, LGTBQ gazteen artean %56ak indarkeria matxista pairatu zutela, gizonak bakarrik hartzen baditugu kontuan %65,7 dira indarkeria matxista pairatu dutenak, eta ikerketa honen lagin osoa hartzen badugu berriro, ikusiko dugu %17k bere buruaz beste egitea pentsatu duela. Datu hauek eskolako jazarpenaren arazoaren portzentaia handia suposatzen dute, eta baita nerabeen buru hiltzen kopuruan ere.

 

Garrantzitsua da azpimarratzea, hiri handietatik urrun dauden herrietan, zailtasun gehiago daudela sexualitatea era askean bizi ahal izateko LGTBQ kolektiboentzako, eta migrazio askorenoinarrian dagoen gatazka bat dela.

 

Nahiz eta asko izan sexu askapenerako eragile sozialak lortutako aurrerapen eta eskubideak, datu hauek agerian uzten dute bide luzea daukagula egiteke oraindik. Sexua, generoa eta sexualitatea bakoitzaren nortasunaren elementu oso garrantzitsuak dira, eta askatasun osoz egin beharreko aukera bat izan behar du. Jokaera jakin batzuen inposaketa sozialak, alde batetik maskulinitate eta feminitate eredu estereotipatu eta sexistak gauzatzen ditu, eta bestetik jokaera jakin horietatik ateratzen diren guztiengan gorrotoa eta indarkeria sustatzen du.

 

Guzti hau kontuan izan da, Lasarte-Oriako udalak ondoko konpromisoak hartzen ditu:

- Berdintasun politika publikoen gauzatze lanetan askapen sexualak txertatzea.

- Gure herrietan gertatzen diren indarkeria matxista mota hauek, hau da, transfobia, lesbofobia eta homofobia indarkeria kasuak jasotzeko tresnak jarri, eta arretarako errekurtsoak aktibatzea.

- Herritargoa kontzientziatzako eta sentsibilizatzeko kanpainak egitea.

- Sexu askapenean aritzen diren elkarteei lagundu eta gure babesa eskaintzea, bereziki LGTBQ elkarteak eta elkarte feministak.

- Ekainaren 27tik 30era bitarte ospatuko diren San Pedro jaietan, Sexu Askapenerako nazioarteko egunaren sinbolo den bandera udaletxeko balkoian ipintzea.

 

Bukatzeko gure herrietako bizilagunak gonbidatu nahi ditugu askatasun osoz bizi dezaten beraien aniztasun sexuala, eta berriro ere, Ekainak 28a Sexu Askapenerako Nazioarteko eguna ospatu ahal izateko lan egin duten pertsona guztiei gure miresmena, eta elkartasun osoa helarazi nahi diegu.

 

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna