Albisteak
Sasoetako etxabeen eraisketa lanak hasi dira
2015-04-24 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Hirigintza eta zerbitzu orokorrak
Apirilaren 7an zuinketa-akta onartu zen eta eraikuntza-enpresak hiru hilabete eta erdian egingo ditu lan guztiak, bai etxabeen eraisketa eta bai forjatu berrien eraikuntza ere. Beraz, abuzturako Sasoeta auzoko eraberritzearen lehenengo fasea burutuko da.
Auzotarren aldetik, historikoki, behin eta berriz errepikatu den eskaera izan da auzoaren eraberritzea, etxe arteko barne-patioek eta tunelek sortu dituzten arazoak direla eta. Hain zuzen, etxabe hauen gainaldean garbiketa-arazoak izan dira beti eta zikinkeria pilatzen da. Bestetik, etxe azpietako tuneletan puntu beltzak sortzen dira, gune arriskutsuak bilakatuz eta osasungarritasun-baldintzak txartuz.
Orain gauzatuko dena Sasoetako eraberritze-planaren lehengo fasea da, eta Uzturre eta San Martzial plazetako etxabeen eraispenak jasotzen ditu. Ondoren, bigarren fase batean, hutsik geratuko diren gune hauen urbanizatzea etorriko da. Dagoneko auzotarrekin “Sasoeta Sasoitu” parte-hartzeko prozesua egiten ari da Hiridunak lantaldearen eskutik, espazio hauen funtzioak definitzeko eta etorkizuneko proiektuak adosteko.
Lehengo fase hau 318.000 €-tan esleitu da eta, beraz, inbertsio garrantzitsua da.
Eraisketa-lanak
Dagoeneko hasi dira, eta datozen bi asteetan prestakuntza-lanak egingo dituzte, inguruan hesiak eta lan-etxolak jarriz, kamioien sarrerak prestatuz, etxabeetako argiteria eta telefonia-instalazioak lekualdatuz, eta barruko altzariak kanporatuz.
Ondoren, maiatzaren 12an eraisketa-lanak hasiko dira. Zehazki, Uzturre Plazako ipar aldetik hasiko dira, eta 4 aste iraungo dituzte lan hauek. Aste bakoitzean, plaza bakoitzari dagozkion etxabeen erdiak botako dira. Hilabete honetan zehar kamioiak ibiliko dira eraitsitako obra-hondakinak garraiatzen. Auzotarrentzat hauxe izango da eragozpen gehien sortuko dituen momentua.
Lan hauek egiten diren bitartean, azpialdeko garajeetan aurkitzen diren kotxeak ere bertatik atera eta Udalak behin-behineko erabilerarako Donostia Etorbidean egokitutako garajeak erabili beharko dituzte auzotarrek.
Gainera, garajeetako eta inguruko etxebizitzetako jabeekin harremanetan jarri dira obra-arduradunak eta etxebizitzen egungo egoeraren aktak jaso dira, eraispen-bibrazioek nahiz bestelakoek sor ditzaketen arazoak ekiditeko.
Behin eraispenak burututakoan, egungo etxabeen azpian dauden forjatuak indartzeari ekingo diote, etorkizuneko erabilera publikoaren karga jasan ahal izateko, eta abuztuan bukatuko dira lanak.
Auzotarrekin bilera
Datorren astean, apirilaren 30ean, ostegunarekin, arratsaldeko 18:30ean, Udalak auzotarrei bilera baterako deitzen die, eraispen-lan hauen inguruan informatzeko, sor daitezkeen zalantzak argitzeko eta espazio hauen etorkizuneko funtzioen inguruan garatzen ari den Sasoeta Sasoitu parte-hartzeko prozesuaren inguruko azalpenak emateko.