Albisteak

Sasoeta auzoan espazio zabalak sortuko dira etxabeak eraitsiz

2014-07-18 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Hirigintza eta zerbitzu orokorrak

San Martzial eta Uzturre plazako etxabeak eraitsiko dira irailetik aurrera, eta hurrengo urteetan Jaizkibel plazari atxikita dauden beste hiru. Bizilagunekin parte-hartze prozesua abiatuko da espazioaren erabilera adosteko.

Loidi Barren Gune Urbanistikoan zaharberritze lanak egingo dira aurki. Hain zuzen, Sasoeta auzoan bost etxabe eraitsiko dira fase ezberdinetan.

 

Ongi bidean, lehenengo biak, San Martzial eta Uzturre plazakoak, irailean botako dira, eta lanak hiruzpalau hilabetez luzatuko dira. Gainontzeko hirurak, Jaizkibel plazari atxikita daudenak, 2015ean zehar eraitsiko dira. Lehen fase honetan botako direnak influentzia gehien daukaten biak dira.

 

2005 urtean onartu zen PERIan aurreikusi zen etxabeak eraistea, batez ere aipatu zonaldeko segurtasuna hobetzeko eta argiztapena areagotzeko. Modu horretan, Sasoeta alde batetik bestera gurutzatzen duten tunel luzeak murriztu egingo dira tramu motzagoak osatuaz eta tarteka sortuko diren plaza berriez oxigenatuz. Etxabeak botatzeaz gain, oinarriak indartuko dira.

 

 

Hirigintza, Ingurugiroa eta Osasuna sailetik azaldu dutenez, “lan horiek egitea behar-beharrezkoa da segurtasunagatik, etxabeetako hormigoia kaltetuta dagoelako”.

 

Lan horiek egiteko, Lasarte-Oriako Udalak 354.000 €ko inbertsioa aurreikusi du. Gaur gaurkoz, bertako lokal denak ordenazioz kanpo daude eta bere garaian Udalak erosi edo-eta jabeekin lokal-trukatzeak egin zituen.

 

 

Parte-hartze prozesua

 

Etxabeak eraistearekin batera, Sasoeta auzoko bizilagunekin parte-hartze prozesua abiatuko da Loidi Barreneko Gune Urbanistikoari zein erabilera emango zaion hausnartzeko eta erabakitzeko. Parte-hartze prozesua ez da etxabeetako zonalde horietara mugatuko. Sasoeta auzoko parke guztietara zabaldu nahi da, Udalak bertako parkeen erabileraren inguruan azterketa sakona egin nahi duelako.

 

Horren harira, bertako bizilagunak parte-hartze prozesuan iritziak, iradokizunak edo-eta proposamenak egitera animatu nahi ditu.

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna