Albisteak
Sahara Errepublika Arabiar Demokratikoarekin bat egiteko Erakunde Adierazpena
2017-02-22 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Sahara Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 41. urteurrenea dela eta, bertaratutako Bozeramaileen Batzordekoek aho batez hurrengo erakunde adierazpena onartu dute:
Sahara Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zeneko 41. urteurrenean, Euskal Herriko lagunak mendebaldeko Saharakoekin bat elkarteak Lasarte – Oriako udalbatzari ondoko erakunde adierazpena aurkezten dio hurrengo bozeramaileen batzordean eztabaidatu bozkatu eta onartu dezan.
Bozeramaileen Batzorde honek ondokoa adierazi eta eskatzen du:
-
Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan etengabe gertatzen diren manifestazio eskubidearen zanpaketa, atxiloketak, torturak eta tratu txarrak, bortxaketak, desagertzeak, deportazioak eta orokorrean giza eskubideen aurkako erasoen salaketa irmo eta erabateko gaitzespena adierazten du.
-
Mendebaldeko Saharako Erreferendumaren Nazio Batuen Erakundearen Misioa (MINURSO) giza eskubideen arloko eskuduntzak izan dezan eskatzen du, Nazio Batuen erakundeak ( NBE) munduan zehar hedaturik dauzkan misioen artean giza eskubideen arloa baztertzen duen misio bakarra izateari utzi diezaion.
-
Sahararrei eta pertsona orori dagokigun mugimendu askatasunaren errespetua eta Mendebaldeko Saharako biztanleak zatitzen duen 2600km luze den lotsaren harresia eraistea eskatzen du.
-
Mendebaldeko Saharako baliabide naturalen legez kanpoko ustiatzeari uko egitea eta zehazki, saharar arrantza bakuetan arrantza egiteko Europar batasuneko (EB) eta Marokoko estatuaren arteko ituna etetea eskatzen du.
-
Europar Batasuneko (EB) gainontzeko estatuekin batera, Sahara Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) autodeterminaziorako eta independentziarako eskubide aitortzea eta nazioarteko zuzenbide jasotako jurisprudentzian oinarrituz, Mendebaldeko Saharako kolonizazio prozesua amaitzea eskatzen du.
-
Espainiar estatuko diputatuen kongresuak ebatzitakoa behingoz betetzea eta gerran aurkitzen diren estatuei, Marokokoakasua, armak saltzea debekatzen duen ebazpena betetzea, hau da, bere legedia betetzea eskatzen du.
-
Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD)aldarrikatu zeneko 41. urteurrenarekin bat etorriz, 2017ko Otsailaren 27an Mendebaldeko Saharako bandera Lasarte- Oriako udaletxean zintzilikatzea adosten du.
-
Aipatu den urteurrena dela eta, udalbatza honek bat egiten du 2017ko Otsailaren 27an arratsaldeko 19.30-etan Lasarte- Oriako Udaletxe aurrean, Euskal Herriko Lagunak Mendebaldeko Saharakoekin bat deitutako elkarretaratzearekin, “ Maroko Saharatik at Independentzia Mendebaldeko Sahararentzat” lemapean.