Albisteak

Plazak libre estimulazio kognitiboko taldean

2017-03-07 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Zerbitzu Sozialetako Departamentuak gogorarazten du estimulazio kognitiboko taldeetan plaza libreak geratzen direla, andeatze kognitiboa diagnostikatu zaien pertsonei zuzenduak. Dohainik den zerbitzu horretan, taldeak astearte eta ostegun goizetan biltzen dira.

Lasarte-Oriako Udalak, mendekotasuna prebenitzearen eta norberaren autonomia sustatzearen esparrutik, estimulazio kognitiboko bi talde dauzka. Talde horien helburua parte-hartzaileen bizi-kalitatea hobetzea da, haien funtzio kognitiboak estimulatuz eta eguneroko bizitzako jarduerak aurrera eramateko duten gaitasun funtzionala landuz.

Zerbitzu horren hartzaileak andeatze kognitiboa diagnostikatu zaien eta horrek berekin dakartzan galerak bizitzen ari dituzten pertsonak dira, betiere gaixotasunaren hasierako edo tarteko etapetan badaude. Taldeko jardueren bitartez eta monitore baten laguntzarekin, beren gaitasun guztiak lantzen eta estimulatzen saiatzen dira, memoriako eta kalkuluko ariketen bidez, albisteak irakurriz, idatziz, gimnastika eginez, mugikortasuna landuz, ohiko ibilbideak gogoratuz, erlaxatuz, ikus-entzunezko ariketen bidez...

Bi talde daude, 10na lagunentzako tokiarekin. Asteartero eta ostegunero biltzen dira, goizez, Villa Mirentxuko ekitaldi-aretoan. Ikastaroa urte osokoa da, eta abuztuan bakarrik ixten da, oporrengatik. Une honetan, bada plaza libreren bat bi taldeetan. Saioak ordu eta erdikoak dira, 10:00etatik 11:30era eta 11:45etik 13:15era. Interesatua dagoen edonork aldez aurretik bere erreferentziazko langile sozialarekin egon beharko du, bere kasua balora dezan. Hitzordua eska dezakete bai Villa Mirentxura etorrita, bai 943 37 61 79 telefonora deituta.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna