Albisteak
Oroimen historikoa dela eta Udalbatzarrak asteartean Islada Ezkutatuak aurkeztutako adierazpena onartu zuen
2016-07-14 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Errepublikaren aurkako estatu kolpea gertatu zela 80 urte betetzen diren honetan, Lasarte-Oriako Udalaren azken osoko bilkuran, aho batez erabaki zuten 17 kideek uztaileko kolpearen eta diktadura frankistaren biktimei aitorpen instituzional bat egitea.
Errepresaliatutako hainbat pertsonen eta haien senideen presentziarekin, Jesus Zaballos alkateak, garai hartan gertatutakoaren memoria berreskuratzeko lan egiten duen Lasarte-Oriako Islada Izkutuak elkartearen testua irakurri zuen.
Osoko bilkurak aho batez onartu ondoren, Joxe Muguruzak, Islada Ezkutatuak elkartearen ordezkari gisa, eskerrak eman zituen luzaroan isilik egon behar izan zuten frankismoaren biktimei egindako aitorpen merezitako hau aho batez onartu izanagatik. Ekitaldiaren balio historikoa azpimarratu zuen, osoko bilkuran normaltasun osoz egin bada ere, egindako aitorpena historiarako geratuko delako. Ondoren, Xole Agirre Garrok, frankismoak fusilatutako baten bilobak, eskerrak eman zizkion Korporazioari aitorpenagatik eta Islada Ezkutatuak elkarteari egiten ari den lanagatik.
Hauek dira adostutako puntuak:
-
Aitormen instituzionala adieraztea, 1936ko estatu kolpearen, eta ondorengo gatazka militarraren eta diktadura frankistaren ondorioz errepresio fisikoa, ekonomikoa, judiziala, administratiboa, linguistikoa, generokoa, morala… jasan zuten pertsonei, bereziki azpimarratuz 1939ko apirilaren 1ean abian jarri eta berrogeiko hamarkadaren hondarrera arte luzatu zen aldi historikoa, non gosea, desterratzeak, fusilamenduak, torturak, kontzentrazio eremuetara bidaltzeak, isunak, lanpostuen galtzeak, langile batailoietako zigorrak… eguneroko bizimoduaren parte izan baitziren. Modu berezian azpimarratu nahi genituzke, euren familiarrak biktima izan zituzten herrikideak.
-
Instituzio publikoek eta gizarte demokratikoak giza sektore honekiko daukaten zor morala aitortzea.
-
Herritar horiei omenaldi publiko eta instituzionala eskaintzea, eta geure aitormena adieraztea, erakutsi zuten adorea, erresistentzia eta bizirik irauteko indarragatik eta gertatutakoaren oroimenari eutsi izanagatik.
Gure nahia adieraztea, ekitaldi publiko hau pertsona horientzat baliagarri izan dadin arintzeko jasan zituzten sufrimendu eta injustiziak legaltasuna, progresua eta demokrazia defendatzeagatik.
Islada Ezkutatuak (adierazpena)