Albisteak

Oriarte institutuko ikasleek egindako film laburra aurkeztu da

2018-06-27 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Lasarte-Oria alkateak Oriarte institutuko ikasleek Cinema en curs – Zinema (h)abian programaren barruan egin duten film laburra aurkeztu zuen. Institutukoek eta familiartekoek osatutako publiko ugariak txaloz hartu eta gozatu zuen Trenaren hotsa film laburraz.

Lasarte-Oriako alkatea, Jesus Zaballos, oso pozik agertu zen aurkeztutako lanarekin, eta galdera bota zuen ea etorkizunean beste Antonio Mercero bat ez ote den aterako proiektuan parte hartu dutenen artetik. Zaballosek gogorarazi zuen, proiektuaren interesagatik, film laburrean parte hartu duten 22 ikasleen eta haien irakasleen bidaia finantzatu zuela, Bartzelonako lehiaketan filmaren aurkezpena ikustera joateko. Ildo berean lan egitera animatu zituen, proiektu hau posible egin duten pertsona guztiei eskerrak emanez.

Alkatearen hitzen ondoren, Trenaren hotsa film laburra proiektatu zen. Ondoren, programan parte hartu duten 24ak eszenatokira igo ziren. Guztien artean azaldu zuten nola bizi izan duten eta aurrera eraman duten filma, zer ikasi duten nabarmenduz eta filma posible egin duten pertsona guztiei eskerrak emanez.

Cinema en Curs 2005-2006an Katalunian sortutako proiektu pedagogikoa da. A Bao A Qu kultura-elkarteak sustatutako ekimenak zinema hezkuntzaren testuinguruan txertatzea du jomuga. Proiektua sortu zenetik 30.000 haur eta gaztek baino gehiagok hartu dute parte; 3 urtetik 18 urtera arte. Lehen eta bigarren hezkuntzako zentro publikoetan garatzen da: Katalunian (23 zentro), Galizian (5 zentro), Madrilen (3 zentro), Berlinen (2 zentro), Brandenburgon (3 zentro) eta Txilen (7 zentro).

2017. urtean Euskadi gehitu zen proiektura. Tabakalera eta Elías Querejeta Zine Eskolaren eskutik eta A Bao A Qu elkartearen laguntzarekin, Zinema (h)abian ekimena sortu zen. Zinema eta zinemagintza eskolaren eremuan lantzea proposatzen duen eredua bere egin zuten bi erakundeek, eta proiektua gure ingurura ekarri eta bultzatzeko konpromisoa hartu.

2017/2018an, Lasarteko Oriarte institutuan garatuko zen programa. DBH1ko gela bateko 22 ikaslek parte hartu zuten lehenengo edizioan, eta Mikel Gurrea zinema-zuzendaria izan zuten bidelagun.

Zinema (h)abian Cinema en Curs proiektuak bi ardatz nagusi ditu. Alde batetik, haur eta gazteei zinema, bere horretan, sorkuntza edo arte gisa deskubritzeko aukera eskaintzea. Ohikoa izaten da eskoletan filmak gaiak edo kontzeptuak ulertzen laguntzeko baliabide bezala erabiltzea. A Bao A Qu elkartearen ekimenak zinema bera, musika, pintura edo beste arteen modura, begirada horrekin ikusaraztea ahalbidetzea du jomuga. Zinemagintza sorkuntza bezala ulertzea.

Horretarako, ikasturte osoan zehar zinema ikusi eta ariketa ezberdinak egiteko aukera ematen zaie haur eta gaztetxoei. Aldi berean ikusleak eta zinemagileak izateko aukera. Bide horretan laguntzeko, irakasleez gain, zinemagile bat egoten da eskolan. Zinema maite duen pertsona bat, pasioz bizi duena, zinema zer den eta nola egiten den transmititzeko eragile ezin egokiagoa. Orain artean 20 zinemagile eta adituk hartu dute parte Cinema en Curs proiektuan, izen aski ezagunak: Carla Simón, Jonás Trueba, Ángel Santos edo Nely Reguera, esate baterako.

Proiektuaren bigarren ardatz nagusia zinemaren bidez eginiko pedagogia da. Norberaren bizipenak, ikuspuntuak, norberaren mundua sortzeko eta azaltzeko bidea ere bada zinema. Unibertso horien balioa eta garrantzia aitortzen du programa honek. Zinema norberaren izaera eraikitzen laguntzeko tresna gisa ulertua da, eta prozesuak gelakideen arteko harremanak lantzen ditu, elkarlana sustatzen du eta adostasunak lortzearen garrantzia azpimarratzen du. Zinemagintza taldean egiten den sorkuntza-lana da, eta berezko izaera horrek ikasgelan zenbait balore lantzeko parada ematen du.

Cinema en Curs proiektuarekin bat egiten duen leku bakoitzak programa bere ingurunera egokitu eta askotariko ekarpenak egiten dizkio. Euskadiren kasuan, Tabakalera eta EQZEren elkarlanetik sortutako aukerak asko dira. Tabakalera erakina bera programan parte hartuko duten ikasleen “bigarren etxea” izatea da helburua, bertako baliabideak erabiltzea eta gozatzea. Tabakalerako hezkuntza-taldea ere, bere esperientziatik abiatuta, bidelagun izango dute, eta Aitor Gametxo zinemagilea izango da guztia koordinatu eta Kataluniaren eta Euskadiren arteko zubi-lana egingo duena.

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna