Albisteak
Oriako eta Basaundiko 2018ko jaien programa
2018-07-13 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Festen programa kontsolidatua geratu da, karmenetako eta sanignazioetako jaiak uztailaren 16an, 30ean eta 31n ospatzeko. Aurten, Oriako jaietara bideratutako zenbatekoa 5.952 eurokoa da.
Honako hau izango da aurtengo programa:
Oriako jaia uztailaren 16an ospatuko da, Karmengo egunarekin. Goizeko 10:00etan hasiko da, trikitia (Ttirriki Ttarraka) eta buruhandiak izango direlarik Oriako plazetan eta kaleetan zehar. 11:00etan haur-tailerren txanda izango da, kaperaren ondoan, berritasun batekin: gurasoak izango dira monitore. 12:00etan Meza Nagusia emango da Karmengo Kaperan, Pilar Catalina eta Amaia Lizarraga sopranoek parte hartuko dutelarik, Gerardo Rifón organoan lagun dutela. Meza bukatutakoan, luntxa emango da Plazido Mujika plazan. Jardín de Brunet-Enea jatetxean izango den herri-bazkariarekin emango zaio bukaera goizari. 13:00eta ipuin-kontari bat arituko da txikienentzat Oria etorbidean.
Arratsaldea hasteko, Brunet Parkean, 17:00etan, gaztelu puzgarriak eta puxiken eta ur-pistolen gerra izango da txikienentzat, arrakasta handia izan baitzuen jarduera horrek iaz. Ordu berean, I. Toka-txapelketa, trofeoekin, eskudiruzko sariekin eta sorpresa batekin. 17:30ean, merienda izango dute haurrek. 18:00etan, Sorgin-Dantza hasiko da Karmengo Kaperan, eta Brunet-Enearaino joango dira. 19:00etan zumbako erakustaldi bat egingo da Brunet parkean. Eta jaiak amaitzeko, 19:30ean musika-emanaldia izango da Ibai Berriak taldearen eskutik parkeko kioskoan.
Basaundiko jaiak uztailaren 30ean hasiko dira. 18:00etan buruhandiak izango dira Basaundi Bailarako plazan. Ordu horretan bertan, teniseko pistan apar-festa egingo da. 18:30ean, frontoiaren eranskinean, ezkongabeak ezkonduen kontrako partida. 19:00etan, zumbako erakustaldia, eta ordu-erdi geroago, pintxo-potea auzoan barrena, Gautxori txarangak girotuta. Eguna 23:00an amaituko da, Ibai Berriak taldeak Basundi Bailarako plazan eskainiko dituen dantza-piezekin.
Hilaren 31n, San Ignazio egunez, jaiegunari 8:00etan emango zaio hasiera galeper-tiraketa tradizionalarekin, eta 9:00etan ibilaldi neurtu bat abiatuko da Basaundi Bailarako plazatik. 11:00etan, haur-jolasak eta buruhandiak, plazan. 11:30ean, meza solemnea Karmengo Kaperan. 12:00etan, txoko herrikoia frontoian. 12:30ean, poto eta tokako txapelketen txanda izango da. Goiza bukatzeko, 14:30ean bazkaria izango da Buruntz Azpin.
Arratsaldean, 16:30ean Mus-txapelketa Basaundiko plazan, 17:00etan gaztelu puzgarriak plazan, eta 17:30ean haurrentzako merienda. 18:30ean, patata-tortillen lehiaketa plazan. Eta eguna bukatzeko, kontzertua emango du Indian Feathers taldeak, Kultur Kale Zikloa musika-zikloaren barruan.
Programa Azala Toka Txapelketa Oriako Karmengo Jaien Kartela Oriako Inazio Deunaren Festen Kartela Oriako Jaien Azala