Albisteak
“Oporrak Bakean” programarako familiak bilatzeko kanpaina
2016-02-26 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Elkarteko kideek eta familia harreragileetakoek, Jesus Zaballos alkatea, Lourdes Acevedo 1. alkateordea, Izaskun Oronoz departamentuko teknikaria eta Porrotx lagun zituztela, aurtengo udan etxean haur bat hartzera animatu zituzten lasarteoriatarrak.
Urtero 500 haur baino gehiago irteten dira errefuxiatuen kanpamentuetatik. Horretarako, ezinbestekoa da uda haiekin partekatzen duten familien elkartasuna. Gogorarazi zuten programak udalaren finantzazioa daukala, bidaia-gastuetarako eta aisialdiko begiraleetarako.
Oporrak Bakean proiektuaren funtsa da udako hilabeteetan 8tik 12ra urteko haur saharauiak etxeetan hartzea.
Programaren helburuak hauexek dira:
-
Kanpamentuetako haur-populazioari udako hilabeteetan han bizi duten egoera gogorretik irteteko ahalbidea ematea. Tenperaturak 50 gradu zentigrado izatera irits daitezke.
-
Osasun-azterketa orokorrak egitea.
-
Oneratze fisikoa, elikadura osatu eta orekatu batekin.
Elkarteko kideek adierazi zutenez, norabide bikoitzeko aukera bat da: haurrentzat, esperientzia berriak bizitzeko eta beste kultura bat, beste hizkuntza batzuk, beste bizimodu bat eta beste balio batzuk ezagutzeko aukera baitute. Familia harreragileentzat, beste kultura bat ezagut baitezakete eta, aldi berean, familiaren barruan elkartasuna, eskuzabaltasuna, elkarbizitza eta tolerantzia sustatzen baititu.
Arazorik ez badago, haurrek beren harrera-familiarekin errepikatzen dute, betiere programan parte hartzeko gehienezko adina gainditzen ez badute.
Martxoaren 3an, 18:30ean, Villa Mirentxuko ekitaldi-aretoan, informazio-hitzaldi bat egingo da, programaren berri emateko, haren garapena eta edukiak azaltzeko, zalantzak argitzeko...
Gainera, haur horietako bat etxean hartzeko interesatua bazaude, harremanetan jar zaitezke Lasarte-Oriako Udaleko Zerbitzu Sozialen Departamentuarekin edo Lasarte-Oriako Sahararen Adiskideen Elkartearekin.
Hauek dira kontaktu-datuak:
-
Zerbitzu Sozialetako, Berdintasuneko, Kooperazioko eta Osasuneko Departamentua: 943 37 61 79 gizartez@lasarte-oria.eus.
-
Lasarte-Oriako Sahararen Adiskideen Elkartea: Yaiza Ruiz: 607 501 797 saharalasarte@gmail.com
Enbaxadore txiki horien bizitza errefuxiatu saharauien kanpamentuetan igarotzen da, Aljeriaren hego-mendebaldeko Tindouf-en kokatuak; zehazki, aljeriar hammada esaten zaion lurralde latz batean: hondarrezko eta harrizko erreten bat, non eguneroko bizimodua bizirik irautearen proba bat den.
Saharauiek beren sorterria, Mendebaldeko Sahara, 1975ean abandonatu behar izan zuten, Marokoko eta Mauritaniako armaden inbasioaren ondoren, eta, gaur egun, ehundaka herrialdek estatu gisa aitortu badute ere, eta azkenean betetzen ez diren dozenaka akordio gorabehera, Marokoren aldetik ilegalki okupatua jarraitzen du, “lurralde liberatuak” izan ezik, horiek SAEDen (Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa) eta Fronte Polisarioaren (Mendebaldeko Sahararen Liberazio Nazionalerako Mugimendua) mende baitaude.
Orduz geroztik, saharauiak, ACNURen (errefuxiatuentzako nazio batuen goi-komisariotza) laguntzarekin, Aljeriako basamortuan kokatu ziren, beren haimekin (kanpadendak), eta haiei adobezko eraikuntza adosatu txikiak erantsiz joan ziren, 4 wilaya edo probintzia handitan: Aaiun, Smara, Auserd eta Dajla eta "Otsailaren 27a”. Gaur egun, “Autodeterminazioaren Erreferenduma” noiz egingo zain jarraitzen dute, 40 urte baino gehiagoan haren esperoan egon eta gero.