Albisteak
Onetsi dira Buenos Aires aldapako eta Goikaleko proiektuak
2016-05-27 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Udalbatzarrak ostiralean onetsi zituen Buenos Aires aldapan eta Goikale-Askorena plazan irisgarritasuna hobetzeko proiektuak. Obrek 1.215.000 euroko kostua dute, eta Eusko Jaurlaritzaren milioi bat eurorekin finantzatuko ditu.
Buenos Aires aldapa urbanizatzeko proiektuaren helburua da urbanizazioa berritzea, espaloiak zabaltzea eta irisgarritasuna hobetzea, bai halaber airetiko zerbitzuen azpiegiturak lurperatzea. Obra gauzatzeko aurrekontua seiehun eta hirurogeita hamabost mila eurokoa da (675.000 €). Obren hasiera irailaren 15erako pentsatua dago, eta gehienez ere 3,5 hilabete iraungo dute; amaiera, berriz, 2016ko abenduaren 31 baino lehen dago aurreikusia.
Interbentzio nagusia Buenos Aires aldapan izango da, biribilgunetik hasi eta Larrekoetxe Bideko 3.aren ondoan dagoen bidegurutzeraino. Kalea birmoldatzeari esker, espaloi zabalagoak sortu ahalko dira aldapa osoaren bi aldeetan; horretarako, ordea, ibilgailuen zirkulazioa norabide bakarrera mugatuko da Larrekoetxe Bideko tartean. Besteak beste, barandak ipiniko dira partzela-mugetan, bai eta eskudelak ere, Buenos Aires aldapako irisgarritasuna errazteko xedearekin.
Kalea Nagusia - Askorena - Goikale urbanizatzeko proiektuaren helburua da eremu horretako urbanizazioa berritzea, kamioak berrantolatuz eta espaloi, aparkaleku eta oinezko eremu berriak definituz; horrez gain, eremuaren estetika hobetzea ere bai, zoladurari eta argiztapenari dagokienez.
Obrak gauzatzeko aurrekontua bostehun eta berrogei mila eurokoa da (540.000 €). Obren hasiera irailaren 15erako pentsatua dago, eta gehienez ere 3,5 hilabete iraungo dute; amaiera, berriz, 2016ko abenduaren 31 baino lehen dago aurreikusia.
Beste helburu bat espaloia zabaltzea da. Era berean, xedea da kale hori Kale Nagusiarekin lotzea, bien artean dagoen desnibela gaindituko duen eskailera perpendikular baten bidez, hartara jardun-eremuko irisgarritasun globala hobetuko delarik.
Gauza da Goikaleko 22. blokerako irisgarritasunari ere konponbidea ematea, espaloi publikoaren eta atarirako sarreraren artean dagoen desnibela gaindituko duen arrapala bat gehituz, gaur egun hori eskailera baten bidez egina baitago. Azkenik, saneamenduko azpiegituren ibilbidea hobetu egingo da Askorena plazan, eta kendu egingo dira airetiko argindar-lineak.