Albisteak

Onetsi da Lasarte-Oriako 2017rako aurrekontua, 24.920.428 eurokoa

2017-04-04 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Udalbatzarrak aldeko 7 botorekin (7 PSE-EErenak), kontrako 5 botorekin (4 EH Bildurenak eta 1 PPrena) eta 5 abstentziorekin (3 ADLOPrenak eta 2 EAJ-PNVrenak) onetsi du aurrekontuen proiektua, kopuruz 24.920.428 eurokoa.

Aurrekontuak guztira 3.579.144 euro jasotzen ditu aurtengo inbertsioetarako, gehi beste 6.512.874 euro konpromisoko kredituetan 2017, 2018 eta 2019rako. Inbertsioen artean, hauek ditugu nabarmentzekoak:

Hirigintzako estudio eta proiektuen artean, nabarmentzekoak dira kiroldegi berriaren proiektua eta Jaizkibel Plazako etxabeak eraisteko eta berriro urbanizatzeko proiektua. Oraingo honetan, proiektuan definituko dira bai eraisketa, bai ondorengo urbanizazioa, hartara San Martzial eta Uzturre plazetan izandako arazoak saihesteko.

Nabarmentzekoa da, era berean, asfaltatzeko eta argiztatzeko bi plan onetsi direla 2017-2019 trieniorako. Asfaltatzeko planari esker (1.155.064 euro), hobeto planifikatu ahalko da gure herriko kaleen mantentzioa, kostuak merkatzeaz gain. Argiztatzeko planaren kasuan (1.532.910 euro), asmoa da lehengo luminaria zaharrak LED lanparekin ordeztuz joatea, horiek hobetu egingo baitute argiaren kalitatea eta gutxitu egingo baitute argindarraren kontsumoa eta argi-kutsadura.

2017ko aurrekontuak 914.659 euro ere jasotzen ditu kale-garbiketaren zerbitzua berriro adjudikatzeko, kontratua eguneratuta. Kontratu berriak herrian garatu diren gune berri guztiak jaso behar ditu, eta estalkipekoen garbiketa bezalako arazoak konpondu.

Konpromisoko kreditu moduan jaso dira, halaber, udalerriko elkarte gehienentzako diru-laguntzak, aurrekontuetan egonkortasuna handiagoa izan dezaten, urte-hasieran kontatu ahalko baitute ekitaldi bakoitzari dagokion kontu-sailarekin. Diru-laguntzen artean, nabarmentzekoa da 10.000 euroko kontu-sail berri bat sortu dela auzo-elkarteen jardueretarako, eta 100.000 euroko beste bat etxebizitzetan igogailuak eta arrapalak instalatzeko. Guztira, herriko familia eta entitateentzako diru-laguntzak 940.036 euro izango dira aurten.

Emendakinak batzordean eta udalbatzarrean debatitu ondoren, guztira 15 emendakin inkorporatu dira (5 teknikoak, 2 EH Bildurenak, 8 EAJ-PNVrenak, 1 PSE-EErena eta 1 ADLOPrena), 3 erretiratu egin dira (2 EAJ-PNVrenak eta 1 EH Bildurena), eta errefusatu egin dira osoaren aurkako 2 emendakin (EH Bildurena eta PPrena) eta 12 partzial (11 EH Bildurenak, 1 ADLOPrena).

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna