Albisteak

Omenaldia Maialen eta Nely olinpikoei

2016-08-25 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Ekitaldi hunkigarri batean, Maialenek eta Nelyk Lasarte-Oriako urrezko intsignia jaso zuten alkatearen eskutik, eta gero herriaren aitortza Okendo Plazan, jendez beteta zegoela.

Batzar-aretoa agintariz eta Maialenen eta Nelyren familiartekoekin eta adiskideekin beteta zegoela, Jesus Zaballos alkateak urrezko intsignia ezarri zien bi lasarteoriatar olinpikoei, lortutako arrakasten aitormenez eta Lasarte-Oriaren izena munduan zehar eramateagatik. Ondoren, herritarrez betetako Okendo Plazan, bi kirolariek herritarren eta herriko kirol-elkarteen babesa eta aitortza jaso zuten.

Ekitaldia hasteko, alkateak hitz batzuk esan zituen bi kirolariek egindako lanaren eta ahaleginaren aitormenez, biak jarraitzeko eredu bihurtu baitira Lasarte-Oriako gazteentzat. Eskerrak eman zizkien Lasarte-Oriaren izena munduan barrena hain goian uzteagatik, bereziki kirolaren mundua hain matxista den honetan, non zaila baita emakumeak beren merezimenduengatik aitortuak izatea. Familiarteko eta adiskideentzat ere izan zituen hitz batzuk, beren babesa eman dietelako eta haiek gabe zail izango baitzen iritsi diren tokiraino iristea.

Geroago, Denis Itxaso kiroletako diputatuak ere bat egin nahi izan zuen aitortza horrekin, eta ziurtatu zuen interes handiz jarraitu zuela 11 kirolari gipuzkoarrek Rio 16n egindako lana. Nabarmendu nahi izan zuen aitortza hau kirol minoritarioetako bi kirolariri egiten zaiela, halaxe baitira piraguismoa eta eskubaloia, oso sustraituak Gipuzkoan, eta gainera emakumeak direla joko hauetan hainbeste arrakasta lortu dituztenak.

Zero Settek Maialeni eta Nelyry sorpresa moduan eskaini zien “Ipanemako neska” entzun ondoren, alkateak hitz batzuk eskaini zizkien omenduetako bakoitzari urrezko intsignia ezarri aurretik, haien kirol-arrakasten ibilbidearen berri emanez eta egindako lanagatik eta eman diguten pozagatik eskerrak emanez, eta Tokio 2020ra arte jarraitzera animatu zituen.

Urrezko intsignia ipinitakoan, Zero Settek Lasarte-Oriako ereserkia jo zuen. Orduan, omenduak balkoira irten ziren, eta han bildutakoen txaloak jaso zituzten.

Ekitaldi instituzionala amaitutakoan, alkatea, kiroletako diputatua eta etorritako korporaziokideak lagun zituztela, Mailaen eta Nely segizioan abiatu ziren Okendo plazarantz, Erketz eta Tirriki-Tarrakaren trikitia aurretik zituztela.

Han, Lasarte-Oriako ehunka bizilagunez betetako plazan, omenaldi herrikoia hasi zen, Asier Odriozola esatari lasarteoriatarrak zuzendutako zeremonia batekin. Joko Olinpikoetan bizi izandako esperientziari buruz zenbait galdera egin zizkien kirolariei, eta aitortu zuten adierazten zaila zela esperientzia hori, bere intentsitateagatik. Ondoren, Erketzek aurreskua dantzatu zien beren ohorez.

Jarraian, plazan bilduta zeuden kirol-elkarteetako zenbait ordezkari gora igo ziren hain merezia zuten aitortza publiko hori egitera; tartean Amaia Andrés, LOKEkoa, Bartzelona 92an olinpikoa izan zena.

Ekitaldiari amaiera emateko, Maialenek eta Nelyk, hunkituta, eskerrak eman zizkien han bildutako lasarteoritarrei jaso duten babesagatik eta berotasunagatik, Rio de Janeiroraino iritsi baitzaie. Ekitaldia Tirriki-Tarrakaren musikarekin eta su-traka batekin bukatu zen.

Argazkiak ikusi:

Argazkia 1        Argazkia 2           Argazkia 3          Argazkia 4          Argazkia 5    

Argazkia 6        Argazkia 7           Argazkia 8         Argazkia 9           Argazkia 10

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna