Albisteak
Nerabeekin nola jokatu ikasteko guraso tailerra hurrengo astetik aurrera
2015-02-24 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Gizarte Zerbitzuak
Datorren martxoaren 4an, 11n, 18an eta 25ean, asteazkenarekin, 17:00etatik 19:00etara, Villa Mirentxuko ekitaldi-aretoan, 12 eta 18 urte bitarteko nerabeak dituzten gurasoentzako guraso-tailerra antolatu dute zerbitzu sozialetatik.
Tailerra doan izango da, eta, plaza mugatuak daudenez (gehienez 15 pertsonak parte har dezakete), aldez aurretik Villa Mirentxun izena ematea eskatzen da (izena emateko orria e-mailez bidal daiteke).
Nerabezaroa garai korapilatsua izan ohi da, bai gazteentzat, baita gurasoentzat ere. Familiartekoen harremanak zaildu egiten dira garai horretan, eta mila eta bat zalantza sortzen zaizkie gurasoei. Metodologia partizipatiboaren bitartez, 4 gai hauei buruz hausnarketa egingo da guraso-tailerrean:
1. Arauak eta mugak ezartzea: Seme-alabei ez esaten diegunean esandakoa ez onartzea, frustrazioaren intolerantzia, amorruak, gurasoen papera ezinbestekoa da nerabeen bizitzan, haiek baitira hauen segurtasun-iturri eta jarraitu beharreko ereduak. Besteak beste, arauak eta jokaeren mugak ezartzeko zentzua eta beharra ikusiko dugu, jarraibide argi eta koherenteak nola jarri, zein momentutik aurrera jokaera bat onartezina bihurtzen den, nola mugatu, gurasoen artean arauen betearaztea bultzatzea, arauak eta mugak seme-alabei helarazteko jarraibideak…
2. Familia eta komunikazioa: Komunikazioa funtsezkoa bada ere, seme-alabak heztea ez da komunikatze hutsa. Behar adina hitz egiten al da seme-alabekin? Zertaz aritzen gara? Zein zailtasun ditugu? Gutxienezko komunikazio-errutinak nola ezarri, hitz egiteko espazio eta uneak nola bilatu, azken finean seme-alabekin komunikazioa nola hobetu dezakegun landuko dugu.
3. Sare sozialak: Teknologia berriek gure nerabeen egunerokotasunean eta haien inguruan gauzatzen diren ekintza askotan gero eta presentzia handiagoa dute. Mugikorrak, Facebook-a, Tuenti-a, harreman errealak birtualekin ordezkatzea… sare sozialen arriskuak eta onurak ikusiko ditugu.
4. Nerabeak eta drogak. Familiaren jarrera drogen inguruan: Tabakoa, alkohola eta beste droga batzuen erabilerari buruz familiek arau argiak izan behar dituzte. Noiz hitz egin behar da drogen erabilerari buruz seme-alabekin? Nola? Nerabeen logela txukuntzen zabiltza eta bat-batean haxix-zatitxo bat aurkitzen duzu. 15 urteko seme-alaba herriko jaietan atera ondoren gauean alkohol-kiratsa dariola eta zailtasunekin bueltatzen da etxera. Nola ekingo diogu lehen kontsumoen aurrean? Berehala arau zorrotz bat ezarriko diogu?