Albisteak

“Multikulturala”, Nazioarteko eta Eskualdeko Bazkaria Michelinen

2015-11-06 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Azaroaren 15ean, igandearekin, “Multikulturala” ospatuko da Michelinen, kulturartekotasuna bultzatzeko helburua duen topaketa gastronomikoa eta jai girokoa.

 

Sasoeta-Zumaburuko Gurasoen Elkarteak antolatu du, Lasarte-Oriako Udalaren lankidetzarekin, eta gure herrian bizi dugun aniztasuna erakustea du helburu. Gurasoen Elkarteko ordezkariek, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedo eta Jesus Zaballos alkateak aktiboki parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

 

Zaballosek azpimarratu egin nahi izan du Gurasoen Elkarteak integrazioaren alde egindako lana, lehen eta bigarren mailako herritarrak egotea saihestuz eta denok garela lasarteoriatar baieztatuz.

 

Gurasoen Elkarteko kideek zera azpimarratu dute, azken hiru urte honetan balioa eman nahi izan diotela ikastetxeko aniztasun zabalari, eta zaindu beharreko altxorra dela baieztatu dute. Ekitaldia Sasoeta Ikastetxe Publikoan ospatzetik Michelinera aldatzera, herrira zabaltzeko ahalegin gisa ulertu dute. Azkenik, haurrek ez dutela integratzeko arazorik azpimarratu zuten, helduak direla arazoak dituztenak eta haiekin lan egin behar dela.

 

Jaian, parte hartzen duen familia bakoitzak, bere herriko plater tipiko baten 6 errazio ekarri behar ditu, gainerakoekin partekatzeko. 13:30ean izango da bazkaria.

 

Plater dastaketa bitxi honen ondoren, 15:30ean, Katherin Apolo cumbia taldearen musika  emanaldia gozatzeko aukera izango dugu.

 

16:00etan, karaoke multikulturalaren txanda izango da. Antolatzaileek, hainbat jatorritako musika interpretatzera gonbidatuko dituzte parte hartzaileak.

 

Parte hartu nahi dutenek azaroaren 15a baino lehen izena eman behar dute Sasoeta eta Zumaburu ikastetxeetan, edo 609845358 telefonora deitu. Plater bakoitzak 6 eta 10 euro bitarteko laguntza jasoko du.

 

Agerian dagoen errealitatea da dibertsitatea gure herrian. Elkarbizitzarako eta elkar ezagutzeko espazio komunak eraiki behar ditugu denon artean.

 

Aurten, laguntza logistikoa emanez esku hartuko du Udalak: Brigada Munizipalaren laguntza, 100 aulki eta 15 mahai uztea, soinu-teknikaria kontratatzea, garbiketa zerbitzua... Gainera, 100 kartel inprimatu eta jarriko ditu, eta 10 euroko laguntza bazkarian parte hartzen duen pertsona bakoitzeko, 1.000 eurora iristeraino.

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna