Albisteak

Multikultur Fest aurkeztu dute

2016-04-08 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Gaur aurkeztu dute Multikultur Fest 2016 jaialdia: gure herriaren eta bere jendearen kultura-aniztasuna ospatzeko, ezagutzeko eta ulertzeko ekitaldiz betetako astea.

 

Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak, Lourdes Acevedo zerbitzu sozialetako zinegotziak, udaleko teknikariek eta Multikultur Fest jaialdiaren antolatzaile eta kolaboratzaileen talde ugari batek gaur goizean aurkeztu dituzte datorren astean egingo diren ekitaldiak.

 

Alkateak parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, eta egindako lan handiagatik eskerrak eman dizkie hain programazio bariatua eta aberatsa prestatzen parte hartu duten guztiei. Gogorarazi du ekimena Sasoeta-Zumaburu ikastetxean sortu zela, baina aurten indar handiagoa eman nahi izan zaiola eta herri osora atera. Udala, kultura-elkarteak, hezkuntza-elkarteak, emigrante-elkarteak, hezkuntza-zentroak, kirol-entitateak, ostalariak, musika-eskola... parte hartzen eta laguntze aritu dira hori dena posible izateko.

 

Zaballosek nabarmendu duenez, programazioaren xedea da Lasarte-Oriak duen kultura-dibertsitatearen errealitatea hurbiltzea, non 59 herrialdetatik etorritako 1331 pertsonak gure giza paisaia aberasten baitute. Hurbiltzea eta ulertzea, desberdintasunak eta batzen gaituena ezagutzea eta partekatzea.

 

Ondoren, Mohamed Ezzakyk eta Natalia Beltranek, elkarte antolatzaileen izenean, programa aurkeztu dute, “Islamean dagoen dibertsitateari” buruzko hitzaldia nabarmendu dutelarik. Azaldu dutenez, talde bakoitza jarduera zehatz bat antolatzeaz arduratu da, eta azpimarratu dute ahalegin handia egin dutela jardunaldi horien arrakasta bermatzeko, denok Lasarte-Oriakoak senti gaitezen. Jende guztiari zuzendutako jarduerak izango direnez, herritar guztien inplikazioa eskatu dute.

 

Astea astelehen arratsaldean hasiko da, “immigranteekiko estereotipo eta aurreiritziei” buruz Kulturetxean emango den hitzaldiarekin. Hainbat hitzaldi, ipuin-kontariak, poemen irakurketa, haurrentzako jarduerak... izango dira astelehenetik ostegunera bitartean. Ostiralean, larunbatean eta igandean, hainbat tailerrekin, jolasekin, zinemarekin eta musika-jarduerekin, parte festatsuenaren unea zabalduko da. Musika eta dantzako tailerrak eta ekitaldiak, Lasarte-Orian gaur egun elkarrekin bizi diren kultura desberdinen adibideak erakutsiko dizkigutenak.

 

Zerbitzu Sozialetako teknikariak azaldu duenez, lan hau Lasarte-Oriako Anitzen Sarean inkorporatu da, eta aurten hiru mugarri izango ditu: Multikultur Fest jaialdia, hizkuntzen lanketa maiatzean, eta estereotipoen kontrako kanpaina irailean.

 

Ostalaritzako ordezkariak prest agertu ziren horrelako jarduerekin kolaboratzeko; bereziki, gure herriko kultura-dibertsitatea nabarmentzeko.

 

Lourdes Acevedo arloko zinegotziak azpimarratu zuen hori dela alkateak departamentuari markatutako ildoa: “batzea eta integratzea”. Lan honek erakusten duenez, inor ez dago soberan, eta denok batera gauza handiak egin ditzakegu, elkarrengandik ikasiz. Nabarmendu nahi izan zuen marokoarrek eta saharauiek elkarrekin antolatu dutela ekitaldi bat, horrela erakutsiz pertsonak hurbil daitezkeela eta elkarrekin lan egin dezaketela, aldeak alde.

Kartela

Egitarauaren kartela

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna