Albisteak
Mugikortasun zentzuduna: Ekonomia indartsua
2016-09-13 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Aurten “Mugikortasun zentzuduna. Ekonomia indartsua” goiburuarekin ospatuko da Mugikortasunaren Europako Astea. Bizikleta berriz ere protagonista izango da irailaren 20tik 23ra ospatuko den aste honetan.
Jesus Zaballos alkateak, Agustín Valdivia ingurumeneko zinegotziak eta Artelatz enpresako Aiala Ezeizak gaur goizean aurkeztu dituzte Mugikortasunaren Europako Astearen kariaz aurten egingo diren jarduerak.
Zaballosek herritar guztiei zuzendutako jardueretan parte hartzera gonbidatu ditu lasarteoriatarrak, eta, batez ere, guztiontzat onuragarriak diren ohiturak sustatzera urte osoan zehar:
-
Hiri barruko lekualdaketak oinez edo bizikletaz egitea.
-
Garraiobide kolektiboak (trena, autobusa) erabiltzea hiri arteko lekualdaketetan.
-
Automobilaren erabilera murriztea.
-
Araudiak eta bizikidetza errespetatzea: oinezkoen eremuak, bizikleta-bideak, aparkatzeko lekuak, ezgaituentzako eremuak...
Ingurumeneko zinegotziak gogorarazi du Lasarte-Oriako Udalak berriro parte hartuko duela Mugikortasunaren Europako Astean. Ekimen hori Europa mailan ospatzen da, irailaren 20tik 23ra. Gainera, aste horren barruan, irailaren 22a “Nire autorik gabeko eguna” izendatua dago. Ekimen honen helburu nagusiak, besteak beste, hauek dira:
-
Udalerri mailan mugikortasun iraunkorragoaren aldeko ekimen eraginkorrak abian jartzeko suspertzaile izatea.
-
Mugikortasun iraunkorragoaren alde herritarren kontzientziazioa indartzea, haien eguneroko bizitzan neurri eraginkorrak hartzeko aukerak azalduz.
-
Kalean jarduera hezitzaile eta parte-hartzaileak antolatzea; ahal izanez gero, urtean zehar ibilgailuek erabiltzen dituzten eremuetan.
Astea antolatzeko kontratatu den Artelatz enpresako arduradunak adierazi duenez, hiru dira aste honetako une nabarmengarriak: irailaren 23an, kalean kontzentratuko dira jarduerak, gehienbat bizikletaren inguruan zentratuak. Horretarako, Kale Nagusia itxi egingo da Tajamarko eta Ola Kaleko biribilguneen artean 16:30etik 19:30era. Egingo diren jarduerak hauek dira:
-
Bizikletazko ibilbideak Okendotik abiatuta: 16:30ean 6tik 11ra urteko haurrentzat eta 17:00etan 12 urtetik gorakoentzat.
-
Segway gaineko ibilbideak
-
Bizikleta-jolasak
-
Txirrin-banaketa
-
Dekorazio-tailerra
-
Herri-kirolak, futbitoa…
Horrez gain, irailaren 23an, aurreko urteetan bezala, bigarren eskuko bizikleten merkatua egingo da Okendo plazan. Merkatu horretan, erabilitako bizikletak eta mugikortasun iraunkorrarekin lotutako objektuak eta osagarriak (patinak, patineteak, bizikleta-aulkiak...) aurkitu ahalko ditugu. Salerosketa doako gordailu-sistemaren bidez izango da. Saldu nahi diren bizikletak eta objektuak egun berean 15:00etatik 16:30era utzi behar zaizkio Antolakuntzari, eta ostera 20:00ak baino lehen itzuli beharko da salmenta-dirua edo objektuak jasotzera. Informazio gehiago nahi izanez gero, deitu 943 670 249 telefono-zenbakira.
Irailaren 20an eta 21ean, hiri barruan bizikletaz zirkulatzen ikasteko formazio-ikastaroak egingo dira ikastetxeetan, aldez aurretik hitzartutako taldeetan.
Eta, azkenik, irailaren 22an, “Nire autorik gabeko eguna” dela eta, Muittu Mantangorri hiribusa dohainik izango da.
Jarduerak Artelatz enpresari adjudikatu zaizkio, 7.320 euroan. Kanpainaren barruan sartzen da etxeetan 7.000 liburuxka banatzea eta bi kartel lantzea: bata astearen orokorra eta bestea bigarren eskuko bizikleten merkatuarena.
Mende bat baino gehiagoan hiriguneen garapena automobilen zirkulazioa mesedetzera bideratu ondoren, gure hirietako auto-pilaketak eta horrek eragiten duen kutsadura eta zarata-maila handiagoak berekin ekarri dute bizi-kalitatea eskastea eta osasunean ondorio kaltegarriak izatea, eta horrek hiriko mugikortasunaren paradigma birkontsideratzera eraman gaitu.
Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea europar kanpaina bat da, Europako ehunka herrialde eta eskualdetan irailaren 16tik 22ra bitartean egiten dena, mugikortasun jasangarria bultzatzea du helburu, ibilgailua erabili ordez oinezko, bizikletazko edo garraio publikozko mugikortasuna sustatzean oinarritua, eta irisgarritasuna hobetzeko erremintak sortzea.
Europar Komisioak bi helburu anbiziotsu ezarri ditu hiriko mugikortasunerako: hirietarik diesel automobilak pixkanaka kentzea hemendik 2050era bitartean eta hirigune nagusietan zero emisioko logistika urbanoranzko trantsizioa egitea hemendik 2030era. Ikuspegi estrategiko horrekin, lehentasunezko lau arlo ezarri dira 2016rako: berrikuntza, digitalizazioa, deskarbonizazioa eta herritarrak.
Mugikortasun astearen egitaraua ikusi