Albisteak

“MUGIKORTASUN JASANGARRIA” AZTERTZEN ARI DIRA ESKOLETAKO IKASLEAK

2017-03-14 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Zortzi urte pasa dira jada, Lasarte-Oriako Udalak herriko ikastetxeekin batera, Eskolako Agenda 21 programa martxan jarri zutenetik. Gai ugari landu dira orain arte: ura, energia, hondakinak, biodibertsitatea, dibertsitate kulturala, kontsumo jasangarria, elikadura jasangarria… 2016-2017 ikasturtean gai berri bati heldu diote, Mugikortasun jasangarria.

Lasarte-Oriako LH-ko ikastetxeetako 1.300 ikasle inguru dira herriko mugikortasun ereduak aztertzen ari direnak. Eta ikastetxeak, bi: Landaberri ikastola eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxea.

Eskolako Agenda 21ak, hiru ardatz nagusi lantzen ditu: curriculuma, ikastetxearen kudeaketa eta partehartzea herrian. Egiten ari diren diagnostikoan,  lehenik, ikastetxea aztertu dute. Horretarako, hainbat ekintzen artean, galdetegiak bete dituzte: nola nator etxetik eskolara? Autoz, autobusez, bizikletaz edo oinez? Ba al dago desberdintasunik horien artean? Zein da modurik jasangarriena? Eta hori ez badut aukeratzen, zein izan daiteke arrazoia?

Honekin batera, ikastetxeen inguruan sortzen diren arazoak ugariak direla ikusten ari dira: eskolako sarrera eta irteeretan autoak bigarren ilaran jarrita edo espaloian igota, oinez edo bizikletaz iristeko segurtasun arazoak… ondorioz, zenbaitetan arrisku uneak sortuz.

Hasierako diagnostikoa amaitu ondoren, ikasturteko bigarren hiruhileko honetan, kalera ateratzeko garaia da, hainbat alderdi zuzenean ezagutzera. Adibidez, herritarrekin hitz egingo dute Lasarte-Orian mugitzeko dituzten ohiturak ezagutzeko, arazoak detektatu, konponbide proposamenak… Herriko bidegorria ere aztergai izango dute. Trafikoak herritarrengan duen eragin kaltegarria ere ezagutuko dute.

Diagnostiko guztiak amaitzean, eskolako ekintza plana diseinatu eta ikasturte amaieran burutzen den Udalbatza prestatzen hasiko dira. Orduan ezagutuko ditugu ateratako ondorio guztiak.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna