Albisteak

Memoria partekatuaren eguna ospatzen du Udalbatzarrak Askatasunaren parkean

2017-11-10 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Alkateak, udalbatzarreko kideek eta lasarteoriatarrek ospatu dute gaur memoria partekatuaren eguna ekitaldi xume baten bidez. Adierazpena irakurri ondoren, lore-eskaintza egin da eta 5 minututako isilaldia.

MEMORIA PARTEKATU BETERANTZ

Azaroaren 10a, Memoriaren Eguna, egun berezia dugu aurtengoan, “Memoria partekatu baterantz” izenburua duen txostena argitaratu berri dugulako. Hainbat urtetako lanaren emaitza da, gure herriko bizitza normalizatzeko helburuarekin egindakoa. 1956 urteaz geroztik gure herrian gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak jasotzen saiatu gara, memoria hau eraikitzeko, partekatua izan daitekeelako eta izan behar duelako.

Zalantzarik gabe, zera erakusten dute: euskal herritarrek eta lasarteoriatarrek, beren ordezkari politikoekin bat eginda,  aurreratzen jarraitu dezaketela eta jarraitu behar dutela terrorismoaren eta bestelako bortxakeria politikoaren biktima direnen aitortzan. Izan ere, ez zaie arretarik eman, eta ahaztu ere egin dituzte sarritan euskal erakundeek eta gizarteak. Gertatutakoa ez ahazteko konpromisoa da, hainbeste sufritu dutenentzat bideak jartze aldera, adiskidetzeko eta ordaina emateko.

Iraganeko akatsak ahazten dituen gizarte batek berriro errepikatzeko arriskua baitu. Iraganaren memoria egiteak ez du izan behar mendeku bilatze bat, baizik eta justiziarena eta bakearena. Horregatik, Lasarte-Oriako Udaletik apustua egiten dugu Bizikidetzaren Mahaiaren alde, eta baita ere, modu diskretu baina jarraituan beharrezkoa den lan bat egiten duten herritarren alde.

Azaroaren 10 honetan, bi konpromiso hartu behar ditugu. Lehenengoa,  topaketarako eta eztabaidarako espazioak ugaritzea, errespetutik eta jakinda denok dugula egiaren zati bat, egia adostua eraiki dezagun, gizarte moduan hobeak egingo gaituena. Eta bigarrena, kontaketa bat eraikitzea, terrorismoaren eta bestelako bortxakeria politikoaren biktima guztiak errespetatuko dituena, eta baita ere, lurralde honetan denbora luzeegiz hainbeste sufritu zutenak eta sufritzen ari direnak; ahanzturaren ordain gisa.

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna