Albisteak
Martxoak 8 emakumeen nazioarteko eguna – adierazpen instituzionala
2014-03-06 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Emakumea | Udala
Gaur goizean ospatu den bozeramaileen batzordean honako adierazpen instituzional hau onartu da emakumeen nazioarteko eguna dela eta:
Emakumeen naziarteko eguna
Nazio Batuen Erakundeak 1975 urtean martxoaren 8ari eman zion Emakumeen Nazioarteko Eguna izena. Ospakizun honen kariaz, Lasarte-Oriako Udalak aitortu egiten du emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna giza eskubide izateaz gain, "Gobernu onerako" faktore oinarrizko eta ezinbestekoa dela eta,horrekin batera, Euskadiko giza garapenaren eta gizartearen garapen sozial eta ekonomikorako elementu beharrezkoa.
Berdintasunerako bidean aurrerapausoak eman dira,bai, baina luzea da oraindik egin behar den ibilbide zatia. Oraindik ere, XXI. mendean eta mendebaldeko gizartea deitzen den honetan, gizonak emakumeak baino gehiago direla pentsatzen da, eta haiek egiten dutena garrantzitsuagoa delako ustea zabalduta dago. Hainbat gazte jendearen buruan errotuta dagoen pentsamolde hori da esparru ugaritan desberdintasunak eta diskriminazioa betikotzea eragiten duena.
Oraingo testuinguru sozial eta politikoan kezka biziz egiaztatzen dugu berdintasunaren ameskeriak berdintasun horren lorpen efektibo eta egiazkoa geldiarazteko mehatxua suposatzen duela. Arduratuta ikusten dugu orain arte lortutakoan atzerako pausuak ematen ari direla. Horregatik uste dugu ekinean jarraitu behar dugula, lan eginez eta ekinez, gizarte bidezkoago eta berdintzaileagoa lortzeko.
Lasarte-Oriako Udalak beharrezko eta premiazko jotzen du berdintasuna gauzatzeko behar den gizarte eraldaketa ekarriko duen balore aldaketa. Eredu patriarkal eta matxistatik jauzi egin behar dugu eredu berdintzaile eta bidezkoagora sartzeko. Horixe izango da, emakume eta gizonok, lan esparruan emakumeen diskriminazioaren kontra, lan produktiboaren eta ugalketa lanaren banaketa desorekatuaren aurka eta emakumeenganako bortxakeriaren kontra egin behar dugun borrokatik garaile irteteko giltzarria.
Balore aldaketa hori sustatzea lan konplexua da. Norbanako bakoitzaren pentsamoldean eragitea suposatzen du. Horregatik, Lasarte-Oriako Udalaren aldetik, gizarte hau osatzen dugun pertsona guztiei dei egin nahi diegu, gure eguneroko bizitzan, gure erabakien eta jarreren bidez, berdintasuna ahalbidetzea lor dezagun. Emakume eta gizon guztion lana da.
Horregatik guztiagatik, Emakumeen Nazioarteko Eguna den 2014ko martxoaren 8 honetan,
JAKITUN IZANIK berdintasunak gizarte gisa aurrera egiten laguntzen digula, pertsonen autonomia hobetzea ahalbidetzen duela eta berdinen arteko harremanak eta errespetuan oinarritutako tratuak sustatzen eta demokrazian aurrera egiten uzten digula,eta JAKITUN IZANIK,era berean, "genero arrakala" ixteko lanean arrakastarik handiena lortu duten herrialdeak esparru ekonomikoan aurreratuagoak eta sozialki bidezkoagoak direla.
ADIERAZTEN DUGU emakume eta gizonen arteko berdintasunerako bidean aurrera egiteko urrats sendoak ematen jarraitu behar dugula desberdintasuna betikotzen duten baloreak aldatzea sustatuz, eta horretarako
HITZA EMATEN DUGU beharrezko aldaketa bultzatuko dugula politikagintzan nagusi den ereduak gizonezkoen botere eta lidergoan oinarrituta egoteari utz diezaion, eredu horren biziraupena zaintza arduren banaketa ez ekitatiboari lotuta, eragozpen handia baita emakumeak politikagintzan sartzeko eta alor horretan aurrera pausuak emateko eta, oro har, emakumeek esparru publikoan parte har dezaten. Gizarte garatu eta aske batek ezingo baitu aurrera egin, biztanleriaren erdi bati beste erdiari ematen dizkion aukera berberak eman ezik.