Albisteak
Manttangorriren erabilera nabarmen gehitu da bere hirugarren urtean
2016-03-18 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Udala pozik eta itxaropentsu dago hiribusaren erabilerarekin, bere funtzionamenduko hirugarren urtean 33.160 bidaiari garraiatu baititu, erabilera % 16 gehituz. Laugarren urteari buruzko datuek ere badirudi gehikuntza nabarmenak baieztatuko dituztela.
Lehenbiziko urtean erabiltzaileak 24.986 izan baziren, bigarrenean 28.563ra igo ziren; hau da, 3.577 erabiltzaile gehiago eta % 14ko igoera. Hirugarren urtean 4.597 erabiltzaile gehituta, erabilera % 16 igo da, erabiltzaileen kopurua 33.160ra iritsi delarik. Horrek erakusten du zerbitzuak gero eta arrakasta handiagoa duela lasarteoriatarren artean.
Laugarren urteko datuek erakusten dutenez, badirudi mantenduko dela Manttangorriren erabileraren goranzko joera. Ematen du igoera hori indartu egin dela Mugi txartelaren sisteman sartzearekin; izan ere, 2015eko urtarrilean batez bestekoa egunean 144 lagunekoa izan bazen, 2016ko urtarrilean 161ekoa izan da, iazko denbora-bitarte berean baino % 12 gehiago.