Albisteak
Lokalak behar dituzten elkarte edo taldeek eskaera egiteko aukera
2014-06-04 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Udalak, gaurtik hasi eta ekainaren 24arte lokalak behar dituzten elkarteei erregistrotik pasa eta eskaera egiteko deia egiten die. Horrela Udalak eskatzaileen zerrenda osatuko du eta etorkizunean eskaera hauek asetzen saiatuko da.
Lasarte-Oriako Udalaren iritziz, herriko irabazi asmorik gabeko erakundeak elementu garrantzitsuak dira gizarte kohesioa eta herritarren parte-hartzea sustatzeko, herria antolatzen laguntzeko eta baita Lasarte-Oriako herritarren bizi-kalitatea hobetzeko. Gainera, elkarteak funtsezkoak dira gure gizartean, batzuetan hutsuneak betetzen dituztelako, norbanakoen eta kolektiboen eskubideen alde egiten dutelako lan, gizarte masa kritikoa eta autonomoa indartzen dutelako, eta guzti hau beti ere mesedegarria eta aberasgarria delako.
Orain artean Udalak elkartegintzan eta euren sustapenean ahaleginak egin ditu hainbat esparruetan guztiona izango den Lasarte-Oria bat eraikitzeko asmoz. Azken urte hauetan lan horrek emaitza positiboak eman ditu eta egunetik egunera herri biziago bat da gurea.
Baina, Lasarte-Oriako Udalak hainbat eskaera jaso ditu eta jakitun da, herriko elkarte zein talde askok beren jarduerak burutzeko espazioen beharra dutela.
Hori horrela, elkarteak sustatzeko zenbait politika aurrera eramaten jarraitu nahi du udal-gobernuak eta orain artean ondarean izan dituen lokal hutsak beharra duten irabazi asmorik gabeko elkarteen eskuetan jarri nahi ditu, haien lana eta eguneroko jarduera errazteko egoitza sozial bat izan dezaten, eta haien antolatzeko ahalmena areagotzen laguntzeko. Elkarteek eskatzeko aukera izango dituzten lokalak momentuz erabilera mugatuak izango dituzte: Alde batetik egoitza, bulego edo bilera gela erabilera eta bestetik biltegi erabilera.
Beraz, Udalak prentsaurreko honen bitartez interesaturik dauden Lasarte-Oriako elkarte nahiz herriko talde guztientzat, espazioen eskaera egiteko gaurdanik epea zabalduko dela informatu nahi dugu. Eta eskaera egiteko interesa dutenek, Udaleko erregistroan egongo diren eskaera orriak bete beharko dituzte Ekainaren 24 a baino lehen.
Hala ere, Udalak lehenengo urrats hau informazio bilketa bat izango dela soilik adierazi nahiko du, non, elkarte zein taldearen datu orokorrak jaso nahi dituen: erabilera datuak, beharrezko materiala, elkartearen ibilbidea, burututako ekintzak, herriari eskainitako zerbitzuak…
Jasotako informazio hau eskuan, Udalak eskaera kopurua jakinda eta jabetzan dituen lokalak kontuan izanda, esleipen prozedura bat jarriko du martxan. Prozedura honekin herriko elkarte, zein taldeei ahalik eta modu egokienean lokalen erabilera uztea ahalbideratuko du.
Bestalde, egon daitezkeen zalantza eta galderak argitze aldera, gai honetan interesa duten guztiekin bilera bat egingo du Udalak ekainaren 19an Kultur Etxeko hitzaldi aretoan arratsaldeko 19:00etan.