Albisteak
Lasarte-Orian merkatu jakuetarra asteburu honetan
2016-09-14 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Merkatu jakuetar batek jardueraz, musikaz, antzerkiz, tailerrez eta artisautzaz beteko ditu Okendo Plaza eta Kale Nagusia irailaren 16an, 17an eta 18an. Udalak horrela gogoratuko du Done Jakueren Bideko parte garela.
Jesus Zaballos alkateak gogorarazi du oraindik orain dituztela Done Jakueren Bidea gure herrian barrena pasatzen dela adierazten duten seinaleak. Hori dela eta, egoki da urtero garaitsu horretan instalatu ohi den merkatu tradizionala aurten bide horri dedikatua izatea, Saiatz Bidea sustatzeko asmoarekin. Aurkezpenean izan dira Maite Iglesias kulturako zinegotzia, Xabier Goitia kulturako teknikaria eta ebentua antolatzen duen Xacobeo MMXXI enpresako Pedro Carrasco.
Zaballosek lasarteoriatar guztiak animatu ditu aurtengo merkatuan bueltatxo bat egitera, berritasun asko baitakartza aurten. Izan ere, eremua jarduera eta tailer ugariren agertoki izango da, eta, jakina, era guztietako artisau-produktuak eskainiko dituzten 80 saltoki baino gehiago bisitatu ahalko ditugu. Huts egin behar ez dugun aukera bat.
Ostiral arratsaldetik hasi eta igande bukaerara arte, hurbiltzen direnek hainbat jardueraz gozatu ahalko dute, hala nola zelta musikaz folk musikako Jabardeus taldearen eskutik edo Pedrit Onewheel orkestra-gizonarekin. Cía la que Tú Me Haces konpainiak kale-antzerkiko hainbat ikuskizun eskainiko ditu, parte-hartzezko umorekoak. Txikienentzat: euskarazko eta gaztelaniazko ipuin-kontariak Eulalia eta Teatrakalacalle taldeen eskutik, eta txotxongilo-ikuskizuna Tira Ta Floja taldearekin. Gainera, haur-jolasak eta malabarrak izango dira kalean, eta euskal tradizioko izaki mitologikoen erakusketa. Suzko ikuskizunez ere gozatu ahalko dugu.
Jardueren artean, nabarmentzekoa da larunbatean 10:30ean egingo diren eta kalejira, non karakterizatutako 80 lagun baino gehiago ibiliko baitira eremuan zehar desfile ikusgarri batean.
Garai bateko artisau-ofizioen inguruko zenbait tailer kokatuko dira Elizatze Plazan: artilearen lantegia, oihalarena, narrena, erretxinarena, oinetakoena, zintzarriena, zahatoena, artelatz eta kortxoena, kardatzearena, espartzuarena eta txanpongintzarena.
Ia 90 postu banatuko dira Kale Nagusian barrena, eta kalea automobilentzat itxita egongo da Tajamarko eta Okaleko biribilguneen artean eta Okendo Plazan. Postu horietan era askotako artisau-produktuak eskainiko dituzte, elikagaiak bezala bitxiak, belarrak, perfumeak....
Horrez gain, Okendo Plazan olagarrotegia, tetegia eta kantina instalatuko dira, merkatura hurbiltzen direnek atseden eta atsegin hartzeko.
Muntatzeko lanak direla eta, Kale Nagusia trafikorako itxi egingo da ostiral goizetik igande gauera arte.