Albisteak
Lasarte-Oriako udalbatzarra generozko indarkeriaren kontra
2015-11-12 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Lasarte-Oriako Udalak, konpromisoa hartzen du berdintasunaren aldeko politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, eta herritarrak gonbidatzen ditu norabide horretan konpromiso pertsonalak har ditzaten.
Talde guztien aho batezko babesarekin, azaroko udalbatzarrak mozio bat onetsi du, honako hau deklaratzen duena:
"Azaroaren 25a dela eta, data horixe izendatu baitu Nazio Batuen Erakundeak “Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna”, gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenekiko, zeinahi ere den (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai halaber sexismo-modu guztiekiko, barne daudelarik finenak eta normalizatuenak, hala nola sexuen araberako rol estereotipatuak ezartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea, besteak beste. Berretsi nahi dugu, era berean, arazo estruktural baten aurrean gaudela eta, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza oinarri duenez, ezinbestekoa dela berdintasun-politikak baliatzea, adituek zein nazioarteko erakundeek gomendatzen duten bezalaxe.
Emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egituran bertan oinarritzen da; izan ere, oraindik ere aukera desberdinak eskaintzen zaizkie emakumezkoei eta gizonezkoei, eta oraindik ere jaiotza-sexuaren arabera pertsonen askatasuna mugatzen da. Saiatu behar dugu bestelako gizartea eraikitzen, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten.
Gure xedea da pertsona guztiekiko tratu onak bermatuko dituen gizarte batean bizitzea, urrats bat gehiago emango duen gizartea eta, emakumeenganako indarkeriaren aurka agertzearekin batera, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde argiro azalduko den gizartea. Gure aldarrikapena da pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko dituen gizartea. Errespetatzea ez da bakarrik ez erasotzea; aitzitik, berorren esanahia ere da pertsona bakoitzak, berdintasunik ezak dakarren mugarik gabe, bere bizitza-ibilbidea irudikatu ahal izateko bermea edukitzea.
Erakundeetatik geure ardura sozial eta politikoa onartu behar dugu, tratu onak sustatuko dituen gizartea eraikitzeko orduan, eta horretarako gure aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak geure baitatik berrikusten hasi.
Horregatik guztiagatik:
-
Konpromisoa hartzen dugu geure eskuduntzen esparruan udal-politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.
-
Eta herritarrak gonbidatzen ditugu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten, urteko egun guztietan, baita azaroaren 25a dela-eta egingo diren ekitaldietan parte har dezaten ere, bai halaber gazteen arteko prebentzio eta hezkuntzarako ‘Beldur Barik’ ekimenean."