Albisteak

Lasarte-Oriako Udala lehengo berdintasun-plana egiteko pausoak ematen hasi da

2015-02-20 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Emakumea

Lasarte-Oriako Udalak emakume zentroaren bitartez lehenengo berdintasun plana osatzeko asmoa du, eta helburu hori betetzeko aurreneko pausoa diagnostikoa egitea da, herrian emakumeek eta gizonek bizi duten errealitatea ezagutzea.

 

Herriko irudi hori osatzeko, hemen bizi edo aritzen diren pertsona ezberdinekin bildu dira hango teknikariak. Udaletxean, udaleko teknikari eta zinegotziei informazio kualitatiboa eta kuantitatiboa eskatzeko aukera izan dute, elkarrizketa eta galdetegien bitartez.

 

Herrian dauden zerbitzuekin ere elkarrizketak egin dituzte, zerbitzuetara hurbilduz, haien proiektuak bertatik ezagutzeko eta emakume eta gizonen arteko egoera zein den haien zerbitzu-ikuspegitik jasotzeko.

 

Hainbat elkarterekin ere egonak dira, batzuk kirol-arlokoak besteak kultura-munduan aritzen direnak, baita aisialdian aritzen direnak ere, bai halaber gizarte arloan lanean ari diren beste batzuekin. Asko izan dira gertutik ezagutzeko eta haien ikuspegia emateko bidea izan dutenak: Ttakun, Danokide, Kukuka, Aterpea, Alboka, “Txoko mujeres”, “Amigos del Sahara”, CD Lasarte, Biyak, Lan eta Lan, “Asociación de Extremadura”, Ostadar, Jalgune, “Semblante Andaluz”, Oztabide, Dinbi Danba, Erketz... (Elkarteekin egoteak, gainera, emakume-zentroarekin elkarlanean aritzeko aukera ahalbidetu du.)

 

Horiekin guztiekin egon ostean, eta berdintasun-teknikariek diagnostikoa osatzeko lanketarekin jarraitzen duten horretan, herritarrei ematen zaie testigua, Lasarte-Oriako errealitatea nola ikusten duten azaltzeko otsailak 24, asteartean arratsaldeko 18:30etan, eta asteazkenean, otsailak 25 goizeko 11etan, egingo diren topaketa irekietan.

 

Villa Mirentxuko aretoan izango dira topaketak, arratsaldez asteartean eta goizez asteazkenean, denok iritzia emateko aukera bermatu ahal izateko.

 

Bertara hurbiltzen denak emakumeak eta gizonak nola bizi edo aritzen garen komentatzeko aukera izango du, esparru ezberdinetan, bai kirolean, bai hedabideetan, bai hirigintzan, bai politikan, bai lan-munduan edo zaintzaile bezala ari denean…, gai ezberdinez aritzeko aukera izango baita, betiere genero-ikuspegia analisirako oinarria izanda. Beraz, horren guztiaren inguruan iritzia eman edo hausnartu nahi duenak gonbita luzatua du. Ordu arte.

 

• Lasarte-Orian neskak eta mutilak berdintasunean hezten ditugu?

• Lasarte-Orian emakumeok eta gizonok geure denbora modu berean erabiltzen dugu (kirola egiteko, lagunekin afaltzeko, pote batzuk hartzeko…)?

• Lasarte-Orian emakumeok eta gizonok modu berean arduratzen gara geure helduen eta umeen zaintzaz?

• Lasarte-Orian emakumeok eta gizonok segurtasun berbera sentitzen dugu gauean etxera bueltatzerakoan?

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna