Albisteak
LASARTE-ORIAKO BASERRI-PRODUKTUEN IV. AZOKA
2016-11-09 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Laugarren urtez segidan, larunbat honetan, azaroak 12, Okendo Plazan Lasarte-Oriako baserri-produktuen azoka egingo da.
Prentsaurrekoan Jesus Zaballos alkateak iragarri duenez, larunbat 12an, 10:00etatik 14:00etara bitartean izango da ebentua, Okendo Plazan, BEHEMENDI landa-garapenerako elkartearen eskutik.
Zaballosek, hitza Ainhoa Amundaraini eman aurretik, lasarteoriatarrak parte hartzera animatu ditu, hemengo produktuak erosiz.
Behemendiko ordezkaria den Amundarainek jakitera eman duenez, azokak 10 karpa izango ditu, baserriko produktuak erakustera eta saltzera destinatuak, bai eta eskualde mailako turismo-informazioko puntu bat ere.
Nabarmentzekoa da Lasarte-Oriako bi postu izango direla: Pedro Arteaga (Telleri baserria) eta Ines Flores (hazi ekologikoak).
Azoka musikarekin girotua egongo da. Horretarako, Lasarte-Oriako Udalaren Musika-Eskolakoak arituko dira trikiti-erritmoekin. Horrez gain, txikienek jolas tradizionalekin gozatzeko aukera izango dute.
Nekazaritzako azokak baserriko produktuak merkaturatzeko bide bikainak izan dira. Sektorearen krisiak berak eta herritarren kontsumo-ohituren aldaketek produktu horien kontsumoa pixka bat gutxitzea eragin dute.
Kasu honetan, lokalizazio geografiko ezberdinetako baserri-produktuen azoka berezia aurkezten da, Okendo Plazan egingo dena. Azokaren helburua baserriko produktuen zuzeneko salmenta bultzatzea da, bai eta produktu horien promoziorako erakustoki bat edukitzea ere. Azoka hau aisiako jarduera moduan ere aurkez daiteke, eta astegunetan merkatuetara joan ezin direnentzako aukera gisa ere bai.
- Azokan aurkitu ahalko ditugun produktuak hauek dira: jatorrizko izendapeneko Idiazabal gazta, behi-esnekiak, ahuntz-gazta, Tolosako babarrunak, berdurak eta barazkiak, ahate-haragia eta eratorriak, Euskal Txerriaren hestebeteak, piriniar eta terreña behi-arrazako haragia, eskuz egindako pastak eta baserriko ogia, Euskal Herriko antzinako gaztak, baserriko jogurtak, marmeladak eta konfiturak, kremak eta ukenduak, hazi ekologikoak, elikaduran erabiltzeko loreak, landareak eta sustraiak, etab.