Albisteak
Lasarte-Oria kultura-aniztasunaren alde
2014-10-09 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Aniztasuna eta Kooperazioa
Asteartean bozeramaileen batzordea ospatu zen eta bertan urriko hilabetean zehar daueden ekimenak direla eta, aniztasunaren inguruko adierazpen instituzional onartu zen. Aste bukaera honetan Andaluziar topaketak izango dira, hurrengoan Ttakunek antolaturiko Euskal jaia eta azkeneko larunbatean Anizatasun jaialdia.
Hauxek dira onartu zen testua eta hartutako erabakiak:
Lasarte-Oria 70 kultura ezberdin baino gehiagok osatzen dugu, eta horregatik oso litekeena da, gure herrian buelta bat ematen badugu, mundu guztiko lekuetako hizkuntzak entzutea eta janzkerak edo aurpegierak ikustea. Askotarikoak gara, seguruenik Gipuzkoako herririk dibertsoenetakoa, eta horrek egundoko kultura-aberastasuna ematen digu.
Urrian, aberastasun horren fruitu, gure udalerriak jardueraz betetako hilabetea biziko du horren harira. Asteburu honetan, Euskadiko XXV. Andaluziar Topaketak egingo dira, Euskadiko Andaluziar Elkarte Erregionalen Federazioak (FARAE) antolatuta; hurrengo asteburuan, Euskal Jaia izango dugu, Ttakunek antolatuta; eta, hilaren azken larunbatean, herriko hainbat elkartek osatutako Aniztasunaren Sareak, Udalarekin batera, aniztasunaren aldeko bigarren “Lasarte-Oria Guztiona” festa antolatu du.
Hori guztia dela eta, Udaletik babesa eman nahi diegu ekimen kultural horiei guztiei, “Kultura-aniztasuna aberastasuna delako” ideia indartuz.
Zehazki, pozgarria zaigu Andaluziar Topaketak antolatzeko gure herria hautatu izana. Egun hori aukera berri bat dugu Andaluziako herriak eta Euskal Herriak elkar ezagutzeko eta aitortzeko. Aspaldikoa dugu ezagutza eta aitortza hori, eta gure eguneroko errealitatea tankeratzen du, baina, zalantzarik gabe, horretan sakontzen jarraitu behar dugu. Azken batean, ezagutzen duguna bakarrik maita dezakegu, eta azken helburu eta zentzu hori izan behar du egun horrek, jakitun izanik bakoitzaren berezitasunek guztiok aberasten gaituztela.
Hori guztia dela eta, Udal honek honako deklarazio instituzional hau egiten du:
1.- Ongietorria egiten diegu hilabete honetan Lasarte-Oriara hurbiltzen diren guztiei, eta festa-giroko eta alaitasunezko ospakizuna izan dadila nahi dugu.
2.- Nahi horren erakusgarri, urriaren bigarren asteburuan Andaluziako bandera ipiniko dugu udaletxe zaharreko balkoi nagusian.
3.- Era berean, urriaren hirugarren asteburuan ikurrina ipiniko dugu udaletxe zaharreko balkoi nagusian.