Albisteak
Lasarte-Oria guztiona, abenduaren 21etik 28ra aniztasun astea
2013-12-16 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Aniztasuna eta Kooperazioa
Lasarte-Oria 70 kultura ezberdin baino gehiagok osatzen dugu, eta horregatik oso litekeena da, gure herrian buelta bat ematen badugu, mundu guztiko lekuetako hizkuntzak entzutea eta janzkerak edo aurpegierak ikustea. Anitzak gara, seguruenik Gipuzkoako herririk anitzena, eta horrek egundoko kultura-aberastasuna ematen digu. Aberastasun hori, ordea, modu egokian kudeatu behar da, eta kultura arteko erlazioak ulertzea eta lantzea eskatzen digu, emaitza positiboak lortuko baditugu.
Arrazoi horrexegatik, Lasarte-Oriako Udalean aspalditxo erabaki genuen dibertsitatearen arloan lan-ildo estrategiko bat sortzea. Hilabeteetan zehar, udalerriko egoeraren diagnosi bat egin dugu, harrera egiteko protokoloa eta gida sortzea ahalbidetu digun plan bat diseinatu eta gauzatu dugu, eta herriko hainbat elkarterekin elkarlanean aritu gara, “Anitzen sare” bat eratze aldera.
Orain, egiten ari garen lan hau guztia azaleratzea nahi dugu, eta bizi garen errealitate dibertso hau, batzuetan saihesten duguna, argitara agertzea, elkarbizitza hobetuko duten lokarri berriak sortzeko. Horrexegatik ospatuko dugu abenduaren 21etik 28ra bitartean Aniztasun Astea. Gainera, eszenatoki berri bat izango du: Okendo Plazan instalatuko dugun karpa gorri handi bat, egunero bizikide dugun kultura-dibertsitatea irudikatuko duena. Aste horretarako, jarduera mordo bat programatu dira, herriko elkarteek antolatuak, haiek baitira egunez egunekoaren benetako protagonistak. Jardueretako batzuk Eguberri guztietako eta euskal kulturako tipikoak izango dira, hala nola Olentzero edo San Tomas, eta beste batzuk berriak, beste kultura batzuetakoak, hurbilekoak, urrunekoak, kultura artekoak… Baina horiek guztiek aurten zerbait berezia izango dute, ikuspuntua aldatu egin baita eta guztiak ideia beraren inguruan ariko baitira: dibertsitatea.
Aipatzekoa da, gainera, karpa hau Udalaren zenbait apustu bateratzearen emaitza dela:
Alde batetik, herriko elkarteak eta antolatzen dituzten jarduerak sostengatu nahi ditugu. Alde horretatik, positiboa iruditzen zaigu eguraldi txarretik babestuko gaituen estalki bat edukitzea, San Tomas egunean bezala Olentzeroren etorreran ere, bi ekitaldi horiek plaza bete ohi baitute.
Bestalde, era berean uste dugu, eta horretan aritu gara lanean azken urte honetan Udaleko arlo sozioekonomikotik, plazan antolatutako ekitaldiak onuragarriak direla herriko ekonomiarako, zeren horrela jendeak, gozatzeaz gain, herrian kontsumitzen baitu.
Eta, azkenik, honela zabaldu egiten dugu Eguberrietako programa, ezaugarri berezi bat ematen baitio, dibertsitatearen ideia biltzen duena eta jaiak lasarte-oriatar guztion jai bihurtzen dituena.