Albisteak

Lasarte-Oria aniztasunaren lanketan eredu da Gipuzkoan

2014-07-16 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala | Aniztasuna eta Kooperazioa

Atzo arratsaldean, Martin Garitano Aldun Nagusia eta Itziar Pildain Migrazio eta Aniztasun arloko zuzendaria Udaletxean izan ziren aniztasunaren inguruan udalerriko eragile ezberdinek eginiko lana aitortu eta babesteko.   

 

Ekitaldiari hasiera Kukuka eta Zambrako bi nesken dantza emanaldiak eman zion eta jatorri ezberdinen arteko fusio irudikatu zuten atzetik zetorrenaren entremes moduan. Ondoren Pablo Barrio alkateak hartu zuen hitza eguneko anfitrioi lanetan eta bere esperientzia pertsonaletik abiatuta aniztasuna betaurreko berriekin ikusirik askoz ere ederragoa dela azaldu zuen.

 

Gero azken urte hauetan bereziki eginiko lanari errekonozimendua egiteko zenbait elkarte deitu zituen alkateak eta bakoitzak hitz batzuk luzatu zizkien bertaratu zirenei. Hasteko Markel Ormazabal “Anitzen sarea” proiektua dinamizatzen ibili den Aztikerreko kideak hartu zuen hitza. Proiektuaren helburuak eta eginiko bidearen inguruko azalpenak eman zituen. Eta gainera, atzo bereziki 5 elkarte baziren ere deitutakoak, proiektuaren barruan lanean askoz gehiago ari direla argitu zuen beraientzako txalo bat eskatuaz.

 

Ondoren, Kukuka dantza eta antzerki eskola, Senblante Andaluz, Ttakun kultur elkartea, Pirritx eta Porrotx pailazoak, Banaiz Bagara, eta Sasoetako guraso eskolako ordezkariak hartu zuten hitza. Bakoitzak egindako lanaren inguruko ikuspegia eman zuen eta momentu hunkigarriak izan ziren guztiok batera hartu beharreko autobusaren metaforarekin. Gainera, Aldundiko ordezkariei eskaeraren bat ere egiteko aukera izan zen.

 

Elkarteen atzetik, Martin Garitano Aldun Nagusiak hartu zuen hitza eta guztiei eginiko lanarengatik errekonozimendua eskaini eta eskerrak eman ondoren horrela lanean jarraitzera animatu zituen.

 

Azkenik, Xumela eta Banaiz Bagarako kideek bertaratutako guztiak kantuan jarri zituzten.

 

Alkatearen hitzak:

Arratsaldeon, buenas tardes, Dopeher ka salam, Bona tarda, Boa tarde, good afternoon,…

…eta beste denbora luze batez jardun beharko nuke lasarteoriatar guztiei ongietorria eman nahiko banieke.

 

Duela 51 urte ni Lasarte-Oriara iritsi nintzenean nire gurasoekin Agurain gure jaioterria urrun utzi ondoren, ez zen erreza izan bizitza berri bati ekitea. Emigrazioa beharragatik egin ohi den mugimendu traumatiko bat da eta iriste geltokiaren izaerak eta bertakoen jarrerak eragin handia du.

 

Gure kasuan, Lasarte-Oria askotan esan izan dugun moduan urteetan zehar bertan jaistea erabaki dugun bidaiarion eta oraindik ere jaisten ari direnen geltokia da. Dagoeneko geltoki koloretsua, bertan gaudenon jatorriak hamarnaka baitira.

 

Duela hiru urte alkate izendatu nindutenean errealitate honen jabe nintzen, baina oraindik ez nituen behar bezalako betaurrekoak gure udalerria ongi preziatzeko eta koloreak juxtu bereizten nituen. Hala ere, lanean hasi eta berehala lasarteoriarron elkarbizitza egokia lortzeko landu beharrezko gako nagusienetako bat zela ere garbi genuen Udalean sartu ginen talde berriak.

 

Lehenbizi azterketak burutu genituen, eta errealitateak pentsatzen genuena baieztatu zigun. Gipuzkoako herririk anitzenetako bat gara, anitzenak ez bagara. 70 jatorri ezberdinetako herritarrak bizi gara eta gaur egun bizi garenon erdia ez gara  herrian jaio. Gainera, hau gutxi balitz, ia 100 elkarte inguru elkar bizi gara Lasarte-Orian, gure aniztasunaren beste adierazle garbi bat. Europar, afrikar, asiar eta amerikar jatorriko jendea, kirolari, sukaldezale, kulturzale, jubilatu, musulman, kristau, ebanjelista eta abar luze bat. Pentsatzeko, sentitzeko eta irizteko makina bat modu ontzi berean.

 

 

Garbi dago, Anitzak gara eta horrek aberasten gaitu. Eta koloretako betaurrekoak jantzita ditudanetik mundu berri bat ireki zait ortzimugan. Dagoeneko Lasarte-Orian makina bat gara betaurreko berri hauekin bizi garenak. Elkar ezagutu, elkarri berea aitortu eta elkar bizi garenak. 

 

Eskerrak Aldundiari, aitortza honengatik eta hasieratik proiektu honetan sinestearren.

Eta eskerrak, batez ere, Lasarte-Oriako elkarteei, gure motorrari, egunetik egunera gauzak nola egin behar diren erakutsi diguzuenoi, betaurreko berriak janzten lagundu diguzuenoi.

Batetik, gaur hemen zaudetenoi KUKUKA, SASOETAKO GURASO ESKOLA, SENBLANTE ANDALUZ, TTAKUN, BANAIZ BAGARA eta PIRRITX ETA PORROTXI.

 

Eta, bestetik, ANITZEN SAREA osatzen duzuen guztiei: DECEBAL(errumaniar elkarteari), OSTADAR, JUANLUIS APAIZARI, DINBIBANDA, Lasarte-Oriako Guraso elkarteari, Eliza Ebangelista eta abar luze bat.

Jarraitu orain artean bezala eta gure errekonozimendua zuek eginiko lan guztiari.

 

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna