Albisteak
Kulturetxeak bere 1. Gau Zuria ospatuko du hainbat jarduerarekin
2017-09-18 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Kafetegia berriro irekitzea, musika, dantza eta antzerkia, Lasarte-Oriako 1. Gau Zuriaren atrakzio nagusiak. Ostiralean, irailak 22, Kulturetxea 20:30etik 2:30 arte zabalik egongo da, hainbat ekitaldi kulturalekin.
Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak, Maite Iglesias kulturako zinegotziarekin eta Juantxi Ugarte teknikariarekin batera, datorren ostiralean Kulturetxean zer-nolako jarduerez gozatu ahalko dugun aurkeztu du. Zaballosek nabarmendu du Gau Zuri hau beste ahalegin bat dela lasarteoriatarrei kultura irisgarriago egiteko.
Kulturetxean udarari amaiera eta ikasturte berriari hasiera emateko festa moduan, udalak 1. Gau Zuri hau antolatu du, bi eszenatoki nagusi izango dituena: auditorioa eta kafetegia, berriro irekiko baita jarduera honetarako. Gau osoan zehar, eta Patxi Pérez aktore eta aurkezleak zuzenduta, bi guneak txandakatuko dira.
Gaua 21:00etan abiatuko da, Amaia Gonzálezen konpainiaren emanaldi batekin, zeinetan areto-dantzen erakustaldi bat egingo baitu “Las mejores” izenburupean.
22:00etan eta kafetegian, ahots eta pianoko Old Charm Blues bikoteak zuzenean eskainiko du bere rythm & blues hoberenaren erakusgarri bat.
23:00etan, eta ostera auditorioan, Detritus konpainiak Ovarios Verdes Fritos obra eszenaratuko du, antzerki-show probokatzaile, apurtzaile eta dibertigarri bat, emakumeek menopausiaren etorrerarekin bizi ohi dituzten gorabeheren errepasoa egiten duena.
00:15ean eta 02:30 arte, dantzaz gozatu ahalko dugu DJ Dukeren eskutik, kafetegian, Amaia González eta konpainiarekin. Lasarteoriatar honekin eta bere taldearekin batera dantzatzeko aukera paregabea.
Denbora horretan guztian, kafetegia zabalik egongo da Patricio pubari esker, zeinek pintxoak eskainiko baititu urdaiazpiko-ebakitzaile baten presentziarekin.