Albisteak
Kultura kalean uztaileko programazioan
2016-07-04 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Udako programazioko zinea, antzerkia, kontzertuak… jabetuko dira gure kaleez. Auzoek ere berariaz prestatutako jarduerak izango dituzte. Santa Anaren inguruko ekitaldiak ere hil honetako protagonistak izango dira.
Jesus Zaballos alkateak eta Kulturako zinegotzia den Maite Iglesiasek udako programazio anitza aurkeztu dute eta bertan kalea izango da ekintza kulturalen protagonista. “Kultura Auzoetara” eta “Kultur Kale Zikloa” programak, Santa Anako festarekin batera, izango dira motibo nagusiak.
Zaballosek nabarmendu du uztailean kultura kalera aterako dela eta, Lasarte-Oriako jarduera deszentralizatzeko apustu horren barruan, auzoetara ere hurbilduko dela. Hori horrela ikusiko da “Kultura Auzoetara” programa 5 auzotara zabalduko delako edo “Kultur Kale Zikloa”ren espazioak ugarituko direlako. Aurreratu zuen hori izango dela udal proposamenen ohiko joera, izan ere Udaletik auzo guztietako bizitza indartu behar baita.
Iglesiasek, arloko teknikariekin batera, programazioa aletu du. Jarduerak 7an hasiko dira “Udako zinea”rekin, Mad Max 4 proiektatuz. 21ean La Familia Berlier izango dugu pantailan. Bi proiekzioak Okendo plazan, 22:15ean izango dira.
Uztailaren 8an, Okendo plazan, “Lasarte-Oria Dantzan” programaren barruan, Ertza konpainiak El Show del Espectador dantza ikuskizuna eskainiko du.
“Kultura Auzoetara” programak Oria uztailaren 9an bisitatuko du. Lur Usabiagak ipuinak kontatuko ditu 15ean, 22an eta 29an, Isla plazan, Zabaleta plazan eta Jaizkibel plazan, hurrenez hurren. Horretaz gain, hiru tailer ere egingo dira: 16an Globoflexia Isla plazan, 23an Carteras Recicladas Zabaleta plazan eta 30ean Frutas Jaizkibel plazan.
Bestalde, “Kale Antzerkia Bultzatuz”ek kaleko hiru ikuskizun eskainiko ditu Okendo plazan: 14an Markeliñe konpainiak Crusoe eskainiko du, 15ean Zanguango taldeak Flux aurkeztuko du eta 29an Deabru Beltzak bere Sua Feu ikuskizuna egingo du.
Kontzertuak kalera iritsiko dira “Kultur Kale Zikloa”ren eskutik: 16an Psicoacustic taldeak Orian joko du. 23an Igor Letona Jazz Quartetek Zumaburun. Eta azkenik, Iker Laurobak Tximistarretan, uztailaren 30ean.
Bukatzeko, Santa Ana jaien inguruko jarduerak nabarmendu behar dira. 12tik 14ra Zurmailu Elkarteak Antonio Mercero gunean prestatutako egur-tailako erakusketaz gozatu ahal izango dugu. Uztailaren 24an XXXII. Santa Ana Artisau Azoka izango da Okendo plazan eta Mercero plazan. Eta azkenik, Ttakunen eskutik, 26an, 22:00etan, Okendo plazan Santa Anako parodia egingo da.