Albisteak

Konexio mobil azkarragoak eta estaldura hobea iritsiko dira 4G berriarekin

2016-06-23 |  iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala

 

Telefonia mobileko operadoreak 4G zerbitzuak eskaintzen hasiko dira Lasarte-Orian 800 MHz-eko bandan. Teknologia berriari esker, lasarteoriatarrek datu mobilen abaila handiko zerbitzuak izango dituzte, estaldura hobetu egingo da eraikinen barruan eta hedadura geografikoa handitu egingo da. Llega800 entitateak bermatuko du 4G zerbitzu hau TDTarekin bateragarri izatea 800 MHz-eko bandan.

Telefonia mobileko operadoreak —Telefónica, Vodafone eta Orange— aurki hasiko dira Lasarte-Orian 4G sarearen zerbitzuak eskaintzen, 800 MHz-eko bandan. Horri esker, lasarteoriatarrek abaila handiko konexio mobilak izango dituzte LTE (4G) teknologiarekin, estaldura hobea eraikinen barruan eta hedadura geografiko handiagoa. Teknologia berria Lurreko Telebista Digitalarekin (TDT) bateragarria izango dela bermatzeko, operadoreek Llega800 jarri dute martxan, eta entitate hori arduratuko da telebistako seinalea jasotzean sor daitekeen edozein arazo konpontzeaz.

4G berria Lasarte-Oriara iritsita, aurrera segitzen du teknologia hori estatu osoan pixkanaka ezartzeko prozesuak. Iazko uztailean hasi zen prozesua, eta 2018ko martxoan bukatuko da, data horretarako aurreikusten baita teknologia berria erabat hedatuta egotea. Honako esteka honetan kontsulta daiteke zein herritan dauden zerbitzu berri horiek jadanik aktibo: https://www.llega800.es/listado-de-municipios-activos/

4Gren hedadura irailaren 19ko 805/2014 errege-dekretuan ezarritakoan kokatzen da. 2015eko apirilaren 1ean, 790 eta 862 MHz arteko frekuentziak liberatzeari ekin zitzaion (UHFko 61. kanaletik 69.era), ordura arte Lurreko Telebista Digitala hartzeko erabiltzen zirenak. Liberazio-prozesu hori Dibidendu Digitala izenarekin ezagutzen da. Behin hori eginda, frekuentzia horiek telefonia mobileko operadoreei esleitu zitzaizkien, 4Gko telefonia mobileko zerbitzuak eskain zitzaten.

Abantaila nagusiak: estaldura handiagoa eta hobea

4G sarearen bitartez, zerbitzu eta aplikazio berritzaileei atea zabaltzeaz gain, hobekuntza nabarmenak eskaintzen dira datuak —argazkiak, musika edo definizio handiko ikus-entzunezko edukiak—deskargatzeko nahiz bidaltzeko abailan edo online aplikazioei —bideo-jokoei , esatera baterako— ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.

“Telefonia mobileko sare abantzatu honek bi hobekuntza funtsezko dakartza. Lehen abantaila da orografia zailarekin zerikusia zuten arazo asko konpontzen dituela, horrelako tokietan ohikoa baitzen estaldurak huts egitea. Beste abantaila nabarmena da penetrazio handia izango duela eraikinen barrualdeetan”, azaldu du Daniel Espínek, Llega800eko bozeramaileak.

4G teknologiaren belaunaldi berriak halaber errazten du enpresen nahiz administrazio publikoen arloan zerbitzu berriak sartzea, hala nola eduki multimedia ugariko mobilitateko aplikazio enpresarialak edo bideo-deien erabilera, besteak beste.

Gainera, 4G teknologiak 800 MHz-eko bandan lortzen duen estaldura handiago horrek zerbitzua hobetu egingo du eraikinen barruan, eta banda horrek ahalbidetuko du zerbitzua geografikoki modu efizienteagoan hedatu ahal izatea.

Bateragarritasuna bermatzeko

Llega800 entitate kudeatzailea arduratuko da 4Garen emisioa 800 MHz-eko bandan abian jartzearen eta TDT zerbitzua jasotzearen arteko bateragarritasuna bermatzeaz.

Bateragarritasun hori bermatzeko, Llega800 entitateak hainbat zerbitzu eskainiko dizkie dohainik herritarrei. Alde batetik, aldez aurreko jarduketa moduan, afektazio handiko guneetan bizi diren herritarrek komunikazio bat jasoko dute beren etxeetan, jakinaraziko diena une horretatik aurrera beren eraikineko antena dohainik egokitzeko eskatu ahalko dutela, gorabehera posibleak ekidite aldera.

Eta, bestetik, prozedura zuzentzaile moduan, behin estazioak piztutakoan, Llega800 arduratuko da arazoak dituzten erabiltzaileak atenditzeaz eta arazo horien konponketa kudeatzeaz, inolako kosturik gabe.

Zerbitzu horiek kudeatzeko, herritarren eskura jarri dira dohainik atenditzeko telefono bat (900 833 999) eta web-orri bat www.llega800.es

 

 

Idatzi zure iruzkina

segurtasun kodea
Lege oharra onartzen dut
iametza interaktiboak garatuta
CSS | XHTML | WAI-A | Lege oharra | Irisgarritasuna