Albisteak
"Konbinatu eta mugitu", 2018ko Mugikortasunaren Europako Astearen leloa
2018-09-18 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Lasarte-Oriako Udalak aurten ere MUGIKORTASUNAREN EUROPAKO ASTEAn parte hartuko du. Ekimen hori irailaren 20tik 21ra ospatuko da. Aurtengo deialdia “Konbinatu eta mugitu” lelopean egin da, eta irailaren 21an izendatuta dagoen “Autorik Gabeko Egunarekin” bukatuko da.
Jesus Zaballos Lasarte-Oriako alkateak, Agustín Valdivia ingurumeneko zinegotziak eta Eli Gondat Artelatzekoak aste honen helburuak eta egunotarako antolatutako jarduerak aurkeztu dituzte: bigarren eskuko bizikleten azoka, bizikletazko martxa eta jokoak, kalea jostatzeko, nordic walking-a eta hiribusa dohainik. Programaren gastua 8.804 eurokoa da: 8.451 € Artelatzentzat, jarduerengatik, eta 353 € Gurutz Gorriarentzat, martxan anbulantziarekin laguntzeagatik.
Bigarren eskuko bizikleten merkatua
IRAILAK 20, osteguna
Okendo plaza 16:30 - 19:30
Publiko orokorrari zuzendutako bigarren eskuko merkatu honetan elementu hauek hartuko dira: bizikletak, patinak, patineteak nahiz mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuak eta osagarriak.
Doako gordailu-sistema bidezko salerosketa pertsona guztien eskura ipiniko da. Saldu nahi diren bizikletak eta objektuak egun berean 15:00etatik 16:30era antolakuntzari utzi behar zaizkio, hau da, merkatua ireki baino lehenago. Gordailu-zerbitzuan antolakuntzako kideak arduratuko dira haien zainketaz eta salmentaz, saldutako artikuluen dirua bueltatuz eta saldu ez direnak jabeei itzuliz 20:00ak baino lehen. Ez da onartuko 400 € baino prezio garestiagorik.
Oharra: DNIa eta telefono-zenbakia eskatuko dira.
Informazioa: 943 670 249
Bizikleta-martxa
IRAILAK 20, osteguna
Okendo plaza, 16:30
Bizikleta-martxa bat egingo da, abiapuntu eta helmuga Okendo plaza izanik. Ibilbidea osatu ondoren, bizikletekin jarduteko jolasak eskainiko dira: zinta-lasterketak, trebetasun-zirkuituak, jolas dibertigarriak...
Oharra: norberak bere bizikleta eta kaskoa eramatea derrigorrezkoa izango da.
Kalea jolaserako
IRAILAK 20, osteguna
Kale Nagusia, 16:30 - 19:30
Haurrentzat antolatutako jolasak: segway-a, aisialdiko jolasak, herri-kiroleko jolasak, futbitoa…
Jolaserako egokituko den eremuak girotzeko musika izango du, eta begirale-talde batek dinamizatuko du. Jarduerak Tajamarreko biribilgunetik Ola kaleko biribilgunera garatuko dira, horretarako ohiko ibilgailuen trafikoa itxiko delarik.
Nordic Walking:
IRAILAK 20, osteguna
Kale Nagusia, 18:00
Ibilaldi bat egingo da Ostadar SKT taldearen eskutik.
Informazioa: www.ostadarskt.eus/kirolak
Hiribusa dohainik
Irailak 21, ostirala
“Autorik gabeko eguna” izendatua egonik, egun osoan zehar Muittu Mantangorri hiribusa dohainik izango da.
Ekimen honek hurrengo helburuak ditu:
-
Herritarrei gonbita luzatzea autoaren erabileraren ordezko aukerak proba ditzaten.
-
Mugikortasun partekatuaren aldeko ekimenak ezagutzera ematea eta sustatzea, garraio-modu garbien abantailak azpimarratuz.
-
Herriko eremu bat edo gehiago erreserbatzea oinezkoek, txirrindulariek eta garraio publikoak bakarrik erabiltzeko.
-
Kalean jarduera sentsibilizatzaileak eta partizipatiboak antolatzea esparru ezberdinetan, ekimenak herrian ikusgaitasuna eta egunerokotasunean jarraipena izan dezan.
MUGIKORTASUNAREN EUROPAKO ASTEA urtero egiten da irailaren 16tik 22ra bitartean.
Europako ekimen honek garraio iraunkorreko neurriak sartzera eta sustatzera animatzen ditu hiriak, eta automobila erabiltzearen alternatibak probatzera gonbidatzen ditu herritarrak.
Europar Komisioak bi helburu anbiziotsu ezarri ditu hiriko mugikortasunerako:
• Erregai konbentzionaleko autoak hirietatik kentzea 2050erako.
• Hiri-zentro nagusietan emisiorik gabeko hiri-logistika baterantz aurrera egitea 2030. urterako.
Europako garraioaren arduraduna den Violeta Bulc komisarioa lehentasunezko lau eremutan zentratzen da: berrikuntza, digitalizazioa, deskarbonizazioa eta pertsonak.
2002an sartu zenetik, MUGIKORTASUNAREN EUROPAKO ASTEAREN inpaktua pixkanaka haziz joan da, bai Europan, bai mundu osoan, eta 2017an kanpainak partaidetza-errekorra gainditu egin zuen: 50 herrialdetako 2526 hirik antolatu zituzten jarduerak astean zehar.
Parte hartzen zuten hirien erdiek baino gehiagok neurri iraunkorrak ezarri zituzten, guztira 7993 neurri, batik bat mugikortasunaren kudeaketan, irisgarritasunean eta bizikletentzako instalazio berri edo hobetuetan zentratuak.
Autorik Gabeko Egunean amaituko da astea. Egun horretan, hiri parte-hartzaileek zona bat edo batzuk esklusiboki oinezkoentzat, txirrindularientzat eta garraio publikoarentzat eskaintzen dute egun oso batez. 2017an, 1352 hirik ospatu zuten Autorik Gabeko Eguna.
Urtero, MUGIKORTASUNAREN EUROPAKO ASTEA mugikortasun jasangarriarekin lotutako gai zehatz batean zentratzen da. 2018an, gaia «Multimodaltasuna» da.
Multimodaltasunak garraio-mota desberdinen erabilera eta konbinazioa sustatzen du hiri barruko joan-etorrietarako, bidaiarientzat nahiz salgaientzat.
Garraio-modu desberdinak konbinatzeak bidaiarientzako onurak ahalik eta gehien handitzea inplikatzen du: kostuak, azkartasuna, malgutasuna, erosotasuna, fidagarritasuna, etab. Halaber, gizartearentzat ere onurak eskaintzen ditu: kutsadura eta kongestioa murriztea, bizi-kalitatea eta osasuna hobetzea, eta beste batzuk.
Hiriko mugikortasunaren digitalizaziorako dagoen joera gero eta handiagoa funtsezko bultzagarria da multimodaltasunaren sustapenean.