Albisteak
KKZ - Kultur Kale Zikloa
2015-07-15 | iruzkinak: 0 | Lasarte-Oriako udala
Jesus Zaballos alkateak, Txus Muñoz Jaietako zinegotziak eta Xpressioneko Jokin Telleriak aurtengo Kultur Kale Zikloko kontzertuak aurkeztu dituzte. Psicoacusticek emango dio hasiera zikloari, uztailaren 18an, Isla Plazan. Talde lasarteoriatarra da, The Beatlesi omenaldi egiten diona eta aurten CD bat grabatu duena Help diskoaren 50. urteurrena dela eta. Abuztuaren 1ean, Tximistarreta Parkean, Transistores 50 izango dugu, Donostiako Rockabilly talde bat. Okendo Plazan, bi talde izango ditugu: abuztuaren 29an, James Room & Weird Antigua, kontzertu elektroakustikoa emango duen folk-rock taldea; eta irailaren 12an, Mery May & The Muppets izango ditugu, Arrasateko indie musikako hirukote bat, Euskaldi Gaztea irabazi zuen izugarrizko emakume ahotsa daukana.
Kultur Kale Zikloa 2012an sortu zen, 2008tik ordura arte kulturetxeko kafetegian egiten ziren kontzertuen erreleboa hartuta. Ziklo berri honen helburua zen Lasarte-Orian kultur jarduerak egiteko bide berriak irekitzea, eta gainera, artistei baliabideak eskaintzea beren sortze-lanak zabaltzeko eta sustatzeko.
KKZren lehenengo urteetan, kontzertuak eta ikuskizunak udal aretoetan egitea planteatu bazen ere, 2013an, udako hilabeteetan Lasarte-Oriako kale eta plazetara eramatea erabaki zen, formatu intimoago batean. Jendearen harrera beroa izan zen oso, izan ere, formula honen jatorrian kultura herritarrengana hurbiltzeko ideia baitago.